bidasoamedia bidasoamedia

Hegaztien behaketa egingo dute, Lapurriturriko denboraldia abiatzeko

Hegaztien behaketa antolatu du Irungo Udaleko Garapen Iraunkorra arloak. Erlaitzen dagoen Lapurriturri Informazio Guneko udako sasoiari hasiera emateko saioa izango da. Aste Santuan ireki zuten urtean lehen aldiz. Hemendik aurrera, ekainetik urrirako asteburuetan eta uztaila eta abuztu bitarteko jai egunetan irekiko dute.

Dantzak hartuko du Hondarribia

Maiatzaren 25etik 28ra izango da Kemen Dantza taldeak antolatzen duen Hondarribia Dantzan jaialdia. Astelehenean dantza ikastaroa hasi da, baina egitarauko ekitaldi nagusiak ostegunetik aurrera izango dira. 20:00etan, Edu Zabalak Inauteria, gizakia naturaren kontra hitzaldia eskainiko du Kultur Etxean. Denda kaleko Kultur Etxean izango da. Gainera, plaza dantzei buruzko erakusketa ikusteko aukera egongo da, bide batez.

Blagan Eguna egingo dute ekainaren 3an

Blagan Eguna antolatzen ari da Hondarribiko euskara elkartea. Ekainaren 3an izango da, Itxeki euskarari leloarekin. Egun osoko festa izango da, Arrantzale auzoan, 11:00etan hasi eta gauera arte luzatuko dena. 11:00etatik aurrera musika animazioa izango da auzoan eta 12:00etatik aurrera irratsaioa eskainiko dute zuzenean. Herriko esatariek mikroa eskutan dutela, elkarrizketak, musika eta bestelakoak entzungo dira Blagan Egunerako prestaturiko irrati emanaldian.

Ekaineko lehen asteburuan izango da Bioterra

Bioterra azokaren hamalaugarren edizioa hartuko du Ficoba erakustazokak, ekaineko lehen asteburuan.Elikagai ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka da Bioterra. Ekainaren 2tik 4ra irekiko dute, 10:00etatik 20:00etara.

JOSEBA LARRATXE “JOSEVISKY”: “Marrazkia ez da luzitzeko erabili behar, istorio bat kontatzeko baizik

Lagun giroko masterclass batekin amaitu du Joseba Larratxe “Josevisky” marrazkilariak (Irun, 1985) Martindozenea Gaztelekuan eskaini duen erakusketa. Argia, Gaztezulo eta Xabiroi aldizkarietan parte hartzen du Larratxek, Yurre Ugarte, Pako Aristi edo Asisko Urmenetaren mailako idazleekin lan egin izan du eta liburuak ilustratu ditu. Waking izenburua duen komiki laburra marraztu du Vértigo argitaletxe estatubatuarrarentzat, eta Eneko Aritza, lehen errege baskoia komikia sortu du, Angel Rekalderekin elkarlanean, du Nabarralde kultur taldearentzat. Larratxeren lan ugari bezain anitzaren zenbait adibide besterik ez dira.

Memoria historikoa berreskuratzeko antzerki tailerrak egingo dituzte Irunen

Antzerki sozialeko zikloa antolatu dute Irunen, memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin. Antzerki saioak eta tailerrak eskainiko dituzte, Lakaxita gunean, Amaia Kultur Zentroan eta Oiasso Museoan.

Bertako elikagaien saltokia zabaldu du Labore Txingudi kontsumo kooperatibak

Gaztetxe hitza labur geratu da Lakaxita gune autogestionatuarentzat. Ekonomia sozialaren bilgune nagusia da, gaur egun, Irunen. Hiritik At! arkitektura sozialeko elkarteak bertan du egoitza, eta Aldatsa eta Bare Alaia baratze kooperatiben banaketa gunea ere bada. Maiatzaren 13tik aurrera, gainera, elikagaien saltoki bat dago bigarren solairuan. Labore Txingudi elikadura kontsumo elkarte berriak jarri du martxan.

Laugarren postua saihestu dute berriro BATeko emakumeek

Helburua bete du berriro Super Amara BATeko emakumeen talde nagusiak, Ohorezko Mailako ligako bigarren jardunaldian. Valladolid taldea utzi zuen atzean, larunbatean Iruñean jokatutako hitzorduan. Lehen jardunaldikoa baino abantaila erosoagoa lortu zuten bidasoarrek, 4,5 puntu atera baitzizkioten oraingoan arerioari. Playas de Castellón eta Pamplona AT urrun izan zituen BATek, baina helburu zuen hirugarren postua eskuratu zuen. Hortaz, indarrez iritsiko da azken jardunaldira, mailari gorenari eusteko aukera sortarekin. Ekainaren 10ean izango da hirugarren eta azken hitzordua.

Lanuzteei ekingo diete Hondarribiko Musika Eskolan

Haien egoera salatzeko protesta egingo dute Hondarribiko Musika Eskolako langileek, asteartetik aurrera. Bi hilabete daramatzate soldata jaso gabe, eta musika ekolaren etorkizuna kolokan egon daiteke.

Asobal Ligan jarraituko du Bidasoak

BIDASOA 34-31 VALLADOLID

BIDASOA: Dejanovic, Vazquez (3), Nonó (3), Kauldi (10), Borragán, Serrano (4), Azkue (7). Zubiria, Cavero (1), Cristian (1), Beltza, Aldaba (1), Muiña (2), Basaric, Popovic, Lancina (2).

VALLADOLID: Díaz, Turrado (1), Hernández (6), Río, Serdio (3), Miguel Camino (3), Rodríguez (5). Diego Camino (2), López (1), De la Rubia (1), César Pérez, Roberto Pérez (1), Matías (5), Serrano (4), Lorasque, Dujshebaev.

MARKAGAILUA: 2-1, 4-4, 4-8, 7-11, 11-14, 15-16 (atsedenaldia); 17-19, 21-24, 24-26, 29-29, 31-30, 34-31.