bidasoamedia bidasoamedia

500 irundar baino gehiago egongo dira igandeko Giza Katean

514 lagunek izena eman dute Irunen, iganderako Gure Esku Dago plataformak antolatu duen Giza Katean parte hartzeko. Irundarrei 49. eta 50. kilometroak egokitu zaizkie. Bi kilometro horiek nahiko bide estukoak direla adierazi dute Hartu Hitzatik, ez direla batere erosoak. Halere, gasolindegi eta komunak eskuragarri izango dituztela adierazi dute.

8:45an abiatuko dira autobusak Irungo bixera zaharretik. Erositako tiketa eramateko gogoratu dute, eta bi urtetik beherako haurrek autoan eramaten duten aulkitxo berbera eraman beharko dutela. Giza katearen ostean, autobus guztiek buelta egingo dute Irunera, baina Donostian geldialdia egingo dutela jakinarazi dute, bertan egingo duten jaialdira joan ahal izateko.

Giza Katerako plangintza

10:30ean 49 eta 50 kilometroetara helduko dira irundarrak. Ordutik 12:00etara arte giza katea muntatzen joango dira, ondoren, giza katea osatzeko. Mobilizazioa amaitzerakoan, autobusek izango dute lehentasun osoa. Donostiako jaialdia 13.30ean egingo dute. Irundar guztien artean zapia eramateko deialdia luzatu dute, baita giza kateko kamiseta urdin edo zuria ere.