bidasoamedia bidasoamedia

Adinekoen eguna ospatuko dute Irunen

Gizarte gaiak

Adinekoen Nazioarteko Eguna izango da ostiralean, urriaren 14an. Hori dela eta, egitarau berezia antolatu du Irungo Udalak. Egun horren harira, Iraso eta Luis Mariano adinekoen zentroetan eta San Migeleko eta Belaskoeneko adinekoen lokaletan eta Leka Eneko apartamentuetan ate irekiko jardunaldia edukiko dute.

Sergio Corchón Gizarte Ongizateko ordezkariak azpimarratu du, adineko izateak ez duela esan nahi ezeri uko egin behar zaionik: “Alderantziz. Egun hori baliatu nahi dugu adinekoek hirian duten garrantzia aldarrikatzeko, eta kolektibo horrek egiten duen lana eskertzeko”.

Aktibitate ugari, egun osoan zehar

Askotariko jarduerak egongo dira urriaren 14an, gehienetan, adinekoen elkarteek beraiek antolatuta. Iraso gizarte-zentroan, 10:00etatik aurrera, gimnasia parte hartzailea egingo dute, adinekoentzat, Gure Altxor elkartearen eskutik. Ordu berean, baina Luis Mariano gizarte-zentroan, informatikako jokoei buruzko belaunaldien arteko tailerrak ere egingo dira, Izarbide elkarteak La Salle ikastetxearekin batera antolatuta.

11:15ean, Irason, eguraldia lagun bada kanpoaldeko lorategietan, dantza-erakustaldi eta eskola bat egingo dute Gure-Altxor elkartekoek, eta leku berean, 12:00etan, Nagusilaneko abesbatzak emanaldia eskainiko du. Bestalde, Luis Marianoko gizarte-zentroan, 11:15ean, José María Castilloren "Irun atzo" erakusketa zabalduko da. 11:45ean, dantza-erakustaldi bat antolatuko da, oraingoan Makila elkartearen eskutik, eta 18:00etan, hitzaldia emango du Metxe Tranche ikertzaileak Irunek eskubide osoko hiri gisa 250 urte betetzen dituela eta.

Bestalde, 16:30ean, Lekaeneko apartamentuetan, 17:00etan San Migeleko adinekoen lokalean eta 17:30ean Belaskoenean aurkeztuko da jardunaldia. 17:00etan Lekaeneko apartamentuetan, bolero-kontzertu bat emango du Jose Maria Soroa Nagusilaneko boluntarioak. San Migeleko lokalean, patata-tortilla lehiaketa bat egingo da, 17:15ean, eta ondoren, auzo-elkartearen dantzak (18:00-18:30) eta merienda (19:00). Belaskoenean, honako jarduera hauek dinamizatuko ditu Sorosartxa elkarteak: abesbatza batek emanaldia eskainiko du 17:45ean, eta 18:45etik aurrera, lineako dantzen eta dantza irekien erakustaldia egingo da.