bidasoamedia bidasoamedia

Ahalduntze eskolako hitzordua izango da apirilean

Emakumea

Emakumeentzako Ahalduntze Eskolak antolatzen ditu Irungo Udaleko Gizarte Ongizatea departamenduak urtean zehar. Norberaren ongizaterako, hobeto sentitzeko eta hezkuntza-ahalduntze prozesuan aurrera egiteko tresnak eskaintzen dituzte. “Nire sexualitatean sasoian jartzen” izango da hurrengo ikastaroaren izenburua.

Emakumeen sexualtateari buruz, harreman afektibo-sexualen ikuspegi sozialei buruz, plazerraren eta norberaren ahalduntze-prozesuan mehatxatu eta mugatzen gaituen arriskuaren artean dagoen harremanari buruz ariko dira ikastaroan. Tabuak ere aztertuko dituzte, eta gizarte-agindu nagusiak, emakumeek bizitza sexualaren inguruan senti ditzaketen kulpak, lotsak eta beldurrak ere bai. Emakumeen prestakuntzan eta ahalduntzean aditua den Inma Merinok emango du ikastaroa.

Zabalik da izena emateko epea

Apirilaren 11n ireki dute ikastaroan izena emateko epea, eta apirilaren 20ra arte egongo da zabalik. Zazpi euro balio du matrikulak. Ikastaroa apirilaren 22an hasiko da, eta ostiraletan egingo dute, apirilaren 22an, 29an eta maiatzaren 6an. Bi talde sortuko dituzte. Goizeko taldeak 10:00etatik 12:30etara egingo du saioa, eta arratsaldekoak, 16:00etatik 18:30etara. Ospitale zaharreko kanpoko aretoan izango da.

Izena emateko 010 telefonora dei daiteke, (Irundik kanpo deituz gero: 943 50 51 52). Bestela, Irungo Udalaren web gunearen bidez ere egin daiteke: www.org/igualdad edo www.irun.org/ultimosdiaspara.