bidasoamedia bidasoamedia

Ahalmen Urritasunaren Astea antolatu du Hendaiako Herriko Etxeak

hezkuntza

Elbarritasunari buruzko sentsibilizazio ekimenak egingo dituzte Hendaian, ekainaren 20tik 24ra, Ahalmen Urritasunaren Astearen baitan. “Bereziki haurrak eta gazteak sentsibilizatzeko ekimenak burutuko ditugu, ikastetxeetan”, jakinarazi du Martine Ansault-Lekuona hautetsiak.

Ekainaren 21ean, Hiri Erdiko Eskolan sentsibilizazio atelierrak eginen dituzte haurrekin, eta ekainaren 23an Hendaiako Gure Ikastolan. Kirol egokitua praktikatzeko eta hausnartzeko aukera ere egongo da, Handisport elkartearen eskutik. Ekainaren 22an Irandatzeko kiroldegian, saskibaloia gurpildun aulkietan probatuko dute Geltokiko eskolako haurrek goizez, eta arratsaldez, Hendaiako saskibaloi elkartea eta Nid Marine ospitaleko kideekin batera ariko dira. Ekainaren 23an Daniel Ugarte pilotalekuan, Marin Ospitaleak motrizitate jarduerak eskainiko ditu, 14:30etan.

Gaiarekin lotutako kultur hitzorduak egongo dira

Kulturaren arloari dahgokionez, gaia lantzen duten margolanen eta argazkien erakusketa egongo da Nid Marin ospitalean ikusgai. Bestalde, Mendi Zolan kulturgunean eta Variétés zine aretoan ere, gaia lantzeko eta sentsibilizatzeko hitzordu andana prestatu dute.

Ekainaren 22an «Un homme à la haueteu » eztabaida antolatu dute 20:30etan. Mendi Zolan kulturgunean, aldiz, dantza inklusiboa proposatzen dute ekainaren 22an, 15:00retan, OXALA taldearekin. Ekainaren 21ean Saint Vincent kolegioaren parte hartzearekin «Aulki Musikalak» emanaldia izango da , eta iluntzeko 21:00etan Musika Festa antolatu dute Mendi Zolanen, Tarnoseko NO STAR taldearekin.

Ekainaren 20an, Chimères antzerki taldeak “Tranches des vies” obra eskainiko du Mendi Zolanen (20:30). Marin Ospitalean lan egin izan du konpainiak, terapia gisa, barrenak hustu eta gizartea sentsibilizatzeko. Egitarauko azken hitzordua ere Mendi Zolan kulturgunean izango da. Ekainaren 24ean, «Je suis comme je suis»/«Naizen bezalakoa naiz» obra taularatuko du Denentzat Sozial Zentroko antzerki taldeak. Ondotik, Marin Ospitalearen eskutik, «La Vallée Blanche» dokumentala proiektatuko dute.