bidasoamedia bidasoamedia

“Hedabide komunitariorik gabe ezinezkoa da komunikazioaren demokratizazioaz hitz egitea"

euskara komunikazioa elkartasuna

Antxeta Irratiko esataria eta AMARC Europako kontseiluko kidea da Aitor Errazkin kazetaria (Irun, 1975). Irrati komunitarioen erakundea da AMARC, eta Europa mailako konferentzia egin zuen maiatzaren 16tik 19ra Montpellierren (Okzitanian). Bertan aukeratu zuten Errazkin kontseilari. Hizkuntza gutxituetan jarduten duten hedabideen gaia izango da irundarraren ardura nagusia.

Zer da AMARC erakundea?

AMARC irrati komunitaroen nazioarte mailako erakunde handi bat da. Hirugarren sektorean antolatuta gauden irrati komunitario, irrati elkarte eta irrati libreak biltzen ditu. Gaur egun 4.000 irrati ordezkatzen ditu mundu osoan. Bost kontinenteetan banatuta daude eta kontinente bakoitzak bere antolaketa propioa du. Europari dagokionez 230 irrati eta 25 herrialde ordezkatuta gaude gutxi gora behera erakunde horretan.

Zein da bere funtzioa?

Guk egiten dugun hausnarketa da komunikazioa eskubide unibertsal bat dela. Horrela onartzen du Nazio Batuen Erakundeak eta horrela onartu izan dute hainbat estaturen erresoluzioek. Gure funtzioa hori bermatzea da, benetan hirugarren sektorea onartua eta ordezkatua izan dadin.

Montpellierren egindako konferentzian AMARC Europako kontseiluko kide izendatu zintuzten. Antxetatik proposatu al zenuten hautagaitza?

Bai, orain arteko lanari jarraipen bat eman nahi izan diogu, modu naturalean. Hizkuntza gutxituen gaia 2010eko mundu mailako kongresuan sartu zen AMARC erakundearen agendan. Bertan, lan ildo estrategikoen artean hizkuntza gutxituen gaia garatzea proposatu zuen Antxetak. Ideia hori onartu egin zen eta aurrera eramateko plangintza bat osatu genuen. Hortik aurrera Agus Hernan Antxeta Irratiko lankideak izan du ardura hori Europa mailan eta orain nik jarraipena emango diot berak egindako lanari.

Zein da AMARCen, kontseiluko kide bezala izango duzun ardura?

Orain arte, hizkuntza gutxituetan lan egiten zuten hedabideek, nahiz eta AMARCen barruan egon, bakoitzak bere aldetik egiten zuen lan. Etorkizunera begira hedabide guzti horiek biltzea eta lan ildo finko bat adostea benetan garrantzitsua dela uste dugu. 45 milioi biztanle bizi gara hizkuntza gutxituetan Europan. Milioi bat hiztun baino gehiago dituzten hizkuntzak sei dira kontinentean, eta katalanaren kasua bereziki esanguratsua da, zazpi miloi hiztun dituelako. Kopuru handiak dira zalantzarik gabe, eta hizkuntza horietan lan egiten duten hedabideek garrantzia merezi dute. Guk horien antolaketan, eta erakunde publikoen aurrean egin beharreko defentsan lan egingo dugu.

Antxeta bezalako irrati txiki batentzat, zer da nazioarte mailako erakunde honetan modu zuzenean parte hartzea?

Guk AMARCekin dugun harremana 2007an hasi zen. Jordanian egindako kongresuan izan ginen eta hasieratik ikaragarria izan da nazioarteko sare horretan parte hartzea. Kontaktu asko lortu izan ditugu eta lankidetza eta harreman guzti horiei esker proiektu ugari sortu dira. Batzuk irratigintzarekin lotura zuzena dutenak, baina lankidetzaren inguruko beste batzuk ere bai. Guretzat oso aberasgarria izan da. Tokiko irrati bat gara, tokiko programazioa eskaintzen dugu baina proiektu zabalago horiei esker beste perspektiba bat ematea lortu dugu.

Nola azalduko zenuke zer den komunikabideen hirugarren sektorea?

Gu ez gara ezer asmatzen ari. Irrati libre eta komunitarioen fenomenoak urteak daramatza Euskal Herrian. Iparraldeari dagokionez, Euskal Irratien Federazioan badaude irrati batzuk lanean hogeita hamabost urte daramatzatenak. Hego Euskal Herrian gogoratu behar da laurogehigarren hamarkadan irrati libreek izan zuten eztanda. Hala ere, gaur egun unibertsitateetan ez da horietaz hitz egiten eta kazetaritza ikasten ari diren ikasle askok ez dakite hirugarren sektorea zer den ere.

Kontzeptua oso sinplea da. Lehenengo eta bigarren sektoreek ordezkatzen dituzte alde batetik enpresa pribatuak eta bestetik hedabide publikoak. Orduan, non gelditzen da gizarte zibila? Norbanako batek edo eragile batek, ez al du bere kabuz komunikazioa ekoiztu eta zabaltzeko eskubiderik? Hor sartzen da hirugarren sektorea, guk ordezkatzen duguna. Gu irabazi asmorik gabeko elkarteak gara eta bestelako funtzionamendua eta helburuak ditugu.

Zein da irrati komunitarioen egoera orokorra?

Krisi ekonomikoak guztientzat jotzen du. Lehenengo eta bigarren sektoretako hedabideentzat argi eta garbi, gero eta hedabide gehiago itxi eta kazetari gehiago kalean gelditzen ari dira. Baina hirugarren sektoreari, krisi ekonomikoaz gain, egoera legalak ere eragiten dio. Ekonomiari dagokionez, nahiz eta eragina izan, egia da guk beti izan dugula horrelako egoeretan lan egiteko ohitura. Gainera, gure jarduera oso militantea da eta ordutegietatik kanpo modu bolondres batean ere lan egiten dugu behar denetan.

Legalitateari dagokionean esan beharra dago 2008an Europako Parlamentutik ebazpen bat jaso zuela AMARCek. Bost urteren ondoren egoera ez da inondik inora ere aldatu. Euskal Herrian bertan, irrati lizentzien banaketaren deialdia eskandalagarria izan zen, interes politiko eta ekonomikoak komunikazio eskubidearen gainetik jarri ziren. Beste hainbat herrialdetan ere jazarpen ikaragarria jasaten ari dira. Egoera oso kezkagarria da.

Zentzu horretan, AMARC bezalako erakundeetan edo Arrosa moduko sareetan elkartzea garrantzitsua da?

Zalantzarik gabe. Hainbat arrazoi daude baina nik bat azpimarratuko nuke. Momentu honetan trantsizio egoera batetan gaude Europan. Frekuentzia analogikotik digitalerako saltoaz ari naiz. Horri buruzko legislazioa eztabaidan dago eta gure borroka da legislazio horrek hedabide komunitarioak onartzea. Hori zirutatzeko Lobby lan gogorra egin behar dugu.

Komunikazioaren krisi ekonomikoaren eta identitarioaren garai honetan, zein izan daiteke hirugarren sektorearen etorkizuna?

Etorkizuna gure esku dago, guk eraikiko dugu. Beharbada, beste sektoreetan lanean ari diren kazetariek ez dute aukera hori izango. Erabakitzeko, proposatzeko eta beraien enpresa edo entitate publiko horren norabidean parte hartzeko ezintasuna dute. Hirugarren sektorearen kasuan borroka gure esku dago. Hedabide komunitariorik gabe ezinezkoa da komunikazioaren demokratizazioari buruz hitz egitea. Gizarte zibilaren ahotsa kontuan hartu behar da eta hori bermatzeko gogor lanean jarraitu behar dugu.

Bukatzeko animatuko nituzke irakurleak, norbanakoak, gizarte eragile, herri-mugimendu edo auzo elkarte ezberdinetan lan egiten duten bizilagunak, benetan beraiek protagonista izan daitezen. Askotan hedabide handiei begira egoten gara, beraiek finkatzen digute agenda, baina bestelako komunikazio bat posiblea da. Horretarako gure eskualdean Antxeta Irratia bezalako beste hainbat proiektu daude, agulaberria.info edo bidasoamedia.info adibidez. Horietan parte hartzea, informazioa bakoitzak ekoiztea eta zabaltzea beharrezkoa da. Eta norbaitek euskarri komunikatiboak sortzeko ideiaren bat baldin badauka aurrera egin dezala. Guztiok bat egin behar dugu, eta komunikazioari beste bultzada bat eman behar diogu eskualde honetan.