bidasoamedia bidasoamedia

Alardearen afera Batzar Nagusien Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordean eztabaidatu da

Atzo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordea ospatu zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jaizkibel konpainiako Izaskun Larruskain kapitain ohiak hartu zuen hitza taldearen izenean, eta joan den irailaren 8an Hondarribiko Kale Nagusian jasan zituzten erasoen aldean, Alardearen gatazkaren konponbidea nahi duen herritarren gehiengo bat dagoela nabarmendu zuen.

Aldiz, gatazka gotortuta dagoela, eta Alarde Fundazioak eta Hondarribiko Emakumeak taldearen dinamikak eragin duen egoeraren aurrean, zigorgabetasuna moztu behar dela oroitarazi zien agintariei.

Batzordearen ondotik, EAJko Gipuzkoako batzarkide taldeak plazaratutako ohar baten bidez, jeltzaleek Hondarribiako herritarrak gogoeta sakona egitera gonbidatu dituzte, eta Alardea ulertzeko bi sentsibilitateen diskurtsoa mantendu badu ere, EAJk arazoa bideratzea Hondarribiako herritarrei bideratzea dagokiela adierazi du, eta elkarrizketarako baldintzak eman daitezen lan egiteko prest agertu da.

Konponbidea herrian bertan bilatu ezinean dabiltzatelarik, erakundeen eskuhartzea ezinbestekotzat jotzen du Jaizkibelek. Eta EAJko Gipuzkoako batzarkidea, Zorione Etxezarragak elkarrizketarako egindako deiaren aurrean, Jaizkibelek oroitarazi nahi izan diote Foru Aldundiak auzia, joan den legealdian eratutako Berdintasun Zuzendaritzatik oraingo Bizikidetza Zuzendaritzara igaro zuenetik, Bizikidetza zuzendaria den Maribel Vaquerorekin bilera bakarra egin ahal izan dutela, eta Markel Olano ahaldun nagusiari gutun asko igorri badizkiote ere, bakar bat ere ez diela erantzun.

Bestalde, herri mailan ere, irailaren 8tik hilabetea iragan dela kontuan hartuta, Txomin Sagarzazu alkatearekin bilerarik ez dutela egin oraindik, jakina denean, Alarde Fundazioa eta Hondarribiko Emakumeak taldearekin batzartu egin dela. Zehazki, Alarde Fundazioak Arma Plazan eman zuen prentsaurrekoaren aurretik.