bidasoamedia bidasoamedia

Alardeei buruzko zuzenketak hitzartu dituzte EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean

berdintasuna

Irungo eta Hondarribiko alardeen eta konpainien inguruko zuzenketak hitzartu dituzte EAJk eta EH Bilduk. Aho batez onartu ditu Eusko Legebiltzarrak. Erdibideko zuzenketak dira, EH Bilduk bultzatu zituen, eta EAJk, negoziazioen ondoren, onartu egin ditu. Ez dute, hala ere, EH Bilduk eskatu nahi zuen guztia jasotzen. “Motz geratzen da gaur onartutakoa, baina egia da tunelaren amaieran argia ikusteko balio dezakeela”, onartu du Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkideak.

Lehen zuzenketak eskatzen du alardeekin harremana duten alde guztiek elkarrizketarako bidea irekitzen has daitezela. Besteak, alarde eta konpainia parekideekiko “begirune faltak” baztertzea. Hondarribiko Kale Nagusian jartzen dituzten plastiko beltzei erreferentzia egin diete, adibidez. Legebiltzarrean onartutakoa alardeak kudeatzen dituzten erakundeetara zabaldu behar dela uste du Diana Urreak. Bi hamarkadetan zehar euren eskubideak aldarrikatzen aritu diren pertsonen lana eskertu du, gainera.

Alarde tradizionalaren aldeko elkartea sortu dute Irunen

Mugarrizule Alardearen Aldeko Emakume Elkartea sortu dute Irungo Olaberria auzoan. Bertako konpainiarekin lotura izango du, eta horrek antolatzen dituen jardueretan laguntzeko asmoa du. 22 bazkide ditu gaur egun. “San Martzialetako Alardea ezagutzen dugun bezala mantentzeko eta zaintzeko” helburua dutela azaldu dute.