bidasoamedia bidasoamedia

Alardeen gatazka konpontzeko saiakera egingo dute zenbait erakundek

berdintasuna

Gipuzkoako Foru Aldundia, Emakunde eta Arartekoa Irungo eta Hondarribiko alkateekin bilduko dira, azaroan. Alardeen inguruko gatazkari konponbidea ematea izango da haien helburua.

Uztailaren 19an Aldundiko, Emakundeko eta Arartekoaren ordezkariek gaiari buruzko lehen bilera bat egin zuten, eta bertan finkatu zuten bigarren bilkuran, Irun eta Hondarribiko alkateei parte hartzeko gonbidapena luzatu behar zietela. Dirudienez, azaroko bilkura horretan, gatazkaren konponbiderako plangintza aurkeztuko du Aldundiak.

Nolanahi ere, gogoratu beharra dago azken urteetan mahai inter-instituzionala ere martxan egon dela, inolako aterabiderik lortu gabe. Eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiako kapitainak Izaskun Larruskainek adierazi du Aldundia bera izan dela batzorde hori geldiarazi zuena. Markel Olanoren gobernutik bultzatutako mahai horretan diskrezioz lan egiteko asmoa dute, hasi aurretik posiziorik hartu gabe, eta tentsioa txikitzeko asmoz, elkarrizketarako bideak irekiz.