bidasoamedia bidasoamedia

Alardeen inguruko gatazkari buruzko ikerketa egingo du diputazioak

giza eskubideak

Duela hogei urte piztu zen alardeen inguruko gatazka Irunen eta Hondarribian. Auziaren jatorria eta bilakaera aztertuko dituela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gatazka zerk sortu zuen, eta belaunaldiz-belaunaldi nola transmititu den ezagutzeko asmoa du aldundiak. Ikerketaren emaitzekin, gatazkari aurre egiteko plan berria osatu nahi du diputazioak. “Plan bat diseinatu aurretik, ezinbestekoa da ikerketa kualitatibo bat egitea”, azaldu du Maribel Bakero Giza Eskubideen zuzendariak, EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berdintasun Batzordean egindako galdera bati erantzunez.

Gatazkari aurre egiteko orain arte hartu diren neurriek eta egindako lanak zergatik ez duten arrakastarik izan aztertuko dutela adierazi du Bakerok: “Nahiz eta jarreretan ez dagoen hasierako basakeriarik, oraindik ere oso enkistatuta daude”. Giroa baretzeko deia luzatu die udaletako alderdi politikoei, auzia “oso politizatua” dagoela eta. Hondarribiko eta Irungo udalekin elkarlanean aritzeko borondatea dutela ere azpimarratu du Bakerok.

Giza Eskubideen Zuzendaritzak hartu du ardura

EH Bilduko Ainhoa Beolak alardeen auzia Giza Eskubideen Zuzendaritzara bideratu izana kritikatu du, konponbidea “luzatu” egingo duelakoan. Bakerok erabakia defendatu du: “Bizikidetzari eragiten dion gizarte gatazka bat da, eta giza eskubideen ikuspegitik landu behar dela iruditzen zaigu”. Antzeko gatazkak konpontzen aritu izan direnek ikerketan parte hartuko dutela jakinarazi du Maribel Bakerok. Jenny Pearce eta Geuz elkartea aipatu ditu adibide gisa.