bidasoamedia bidasoamedia

Animalien eskubideak errespetatu, hezkuntza zentroetan ere.

eskubideak

Pasa den ostiral goizean, urtarrilak 30ean, ospakizun penagarria egin zen Ordiziko Goierri Eskola ikastetxeak antolatuta eta bertako ikasle talde batek aurrera eramanda. Batxilergoko ikasturte amaierarako dirua lortzeko urtero San Bosko egunean asto lasterketa eta txerri harrapaketa egiten dira, eta aurten ere hala izan da, zoritxarrez.

Ostiralean grabatutako bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=Rula1HvL0jY

Askekintzak grabatu ahal izan dituen irudietan argi ikusten da horrelako ekintzek zein sufrimendu eragiten dien erabiltzen diren txerri eta astoei. Txerri harrapaketarako hilabete gutxi dituen txerrikume bat bere amarengandik banatu eta belardi itxi eta ezezagun batean jartzen dute. Bertan, partehartzaileak, bikoteka loturik daudela, animalia harrapatzen saiatzen dira. Hau egiterakoan, buztanetik tira egiteaz gain, bere gainera botatzen dira pisu guztiarekin txerritxoa garrasika laguntza eske ari den bitartean, ondoren berriro ere lurrera botatzen dute objektu bat izango balitz bezela. Proba amaitzean, txerria harrapatzen duen bikoteak sari gisa, berarentzat hartzen du txerria; eta urte oso batez hau loditzen dute, ondoren era beldurgarri batean erailtzeko eta jateko. Asto laskerteta berriz, parte hartzaileak animali hauen gainean esertzen dira eta lasterketa bat egiten dute. Astoa, azkarrago joan dadin, partehartzaileek ostikadak ematen dizkiete animaliei eta horrez gain ipurdian makilkadak ematen dizkiete.

Askekintzak gaitzesgarritzat ditu bi ekintza hauek, hiru arrazoiengatik. Lehenik, bi adibide hauetan animalien eskubideak era deigarri batean urratzen direla salatu nahi du, animaliak ez baitira gureak, gure mesedetara erabiltzeko. Animaliak ez dira gizakien zerbitzura egoteko jaio, beltzak zurienera edo emakumeak gizonaren zerbitzura egoteko ez dauden moduan. Etikoki ezingo da inoiz justifikatu guk bezela sufritzen duten animalien sufrimendua eta erabilpena, ez ospakizunetan ez eta gure zerbitzura erabiltzen ditugun beste arloetan ere (elikadurarako, janzteko eta haiekin esperimentatzeko). Kultura bezala aurrerapausuak eman nahi baditugu gure ohituren hausnarketa egin beharko dugu eta beste norbait kaltetzen edo bere eskubideak urratzen dituen ohitura guztiak atzean utzi, bere espeziea gora behera.

Bigarrenik, oraindik larriagoa da guzti hau balore moralak barneratzen ari diren gazteak dauden ikastetxe batean egin dela hauen parte hartzearekin. Balore moralak, enpatia, errespetua, elkartasuna eta pentsamendu kritikoa bultzatu behar dituen eskola batek, zer nolako lan hezitzailea egiten ari den nabaria geratu da beraien jarrerarekin.

Hirugarrenik, ikasle talde bat ekitaldi honen aurka agertu eta bi ekimen hauek antolatu ez daitezen saiatu da, ikasleak informatu eta zuzendaritzarekin hitz eginez. Irakasle taldeak eta zuzendaritzak entzungor egin diete eskariei. Hau da Eskola Zuzendaritza batek egin dezakeen gauzarik okerrena. Pentsaera kritikoa eta ausardia handia erakutsi duten ikasleen ahotsa isilaraztea, ikasle hauen mundu justuago bat lortzeko ametsa zapuztuz.

Askekintzatik eskolako zuzendaritzari eta bertako ikasleei gertatukoaren inguruan hausnarketa bat egitea eskatzen diegu eta inoiz gehiago antolatu ez daitezela horrelako ekimen injustu eta lotsagarriak. Gertatukoaren harira, biktima nagusiak erabilitako txerrikume eta astoak dira, ez dezagun perspektiba gal.