bidasoamedia bidasoamedia

Aritz Martiarena, rally pilotua: "Etxekoen babesarekin oso eskertuta nago"

kirola

Olaberria auzoko pabiloi zahar batean dauka autoa Aritz Martiarena rally pilotuak (Irun, 1993). “Txerriak eta ardiak gizentzeko erabiltzen zen, garai batean. Guk merke alokatu dugu orain”, azaldu du. Hori bai, ez dute argirik, ezta urik ere: “Moldatzen gara, generadore batekin eta euri ura depositu batean bilduz”. Bertan prestatu du ibilgailua, rallyetan parte hartu ahal izateko. Estitxu arreba eramango du aurten alboan, kopilotu lanean.

Txikitatik izan zara motor munduaren zale?

Aita mekanikoa dut, eta betidanik gustatu izan zait motor mundua. Txikitan motoekin, batez ere, baina gidabaimena atera nuenetik aurrera, kotxeekin. Orain dela bi urte hasi nintzen kotxea prestatzen, rallyetarako.

Nolakoak izan dira lehen esperientziak lehian?

Iaz lehen proba batzuk egin nituen igoeretan, ez dutelako baldintza zorrotzik eskatzen. Ibardingoa izan zen esperientzia onena, eta okerrena, Jaizkibelgoa, kotxeak huts egin zidalako, non eta etxeko igoeran.

Aurten rallysprintetarako kotxea homologatzen ari naiz. Betebeharrak askoz gehiago dira. Etxekoen eta lagunen laguntza asko eskertu behar dut, zentzu horretan.

Zaletasun garestia da, ezta?

Pieza bat dela, bestea dela, kotxeari hobekuntzak egin nahi dizkiozula... Oso zaletasun garestia da. Garai batean babesleak lortzea errazagoa zen. Baina tira, azkenean denok gastatzen dugu dirua, modu batera edo bestera. Zenbat diru xahutzen du jende askok parrandan?

Kotxea egindako aldaketez gainera, zuk nola hobetu dezakezu?

Proba batetik bestera, egindako akatsetatik ikasten ahalegintzen naiz. Bideoak ere ikusten ditut, aztertzeko nola hartu nuen bihurgune bat edo bestea. Zirkuituetara ere joaten naiz tarteka, probak egitera.

Aurten kopilotua eduki beharko duzu. Nola hautatu duzu?

Bai, egia esan lagun pare batek eskaini dit. Baina etxekoen babesarekin oso eskertuta nago, eta arreba aterako da ondoan. Asko gustatzen zaio, dagoeneko proba askotara lagundu nau, kotxea prestatzen ere bai, eta orain ilusioa du nirekin lasterketa batzuetan gozatzeko.

Denbora luzez ibili nahi zenuke rallyetan?

Ez, nik neuk badakit hiruzpalau urterako kontua dela. Ezin dut berrogei urtera arte nire soldataren zati handiena rally munduan gastatzen ibili. Orain 24 urte ditut eta zaletasun honekin denbora batez gozatzeko momentua dut. Gero etorriko da beste gastu batzuetan pentsatzeko garaia.

Zein duzu aurtengo egutegia?

Maiatzaren 4-5ean Izpegiko igoeran hasiko naiz, Baztanen. Gero, maiatzaren 20an, Irungo San Martzialeko igoeran parte hartuko dut. Ekainak 10-11n Ibardingo igoeran ariko naiz berriro, Beran. Ilusio handia dut horretarako, iaz oso ongi ibili nintzelako. Sanmartzial egunean, ekainaren 30ean, slalom batean parte hartuko dut Donezteben.

Abuztutik aurrera rallysprintak etorriko dira, horien artean Hondarribikoa. Gogo handia dugu horretarako, bai arrebak eta baita nik ere. Tramoa ezagutzen dugu, eta jende ezagun asko egongo da animatzen.