bidasoamedia bidasoamedia

Arreta integrala eskatu du Harrera Sareak

Migranteentzako harrera duin eta integrala eskatu dute larunbatean Irungo San Juan plazan Harrera Sareko kideek. Aizpea Babaze eta Ruth Lopez sareko kideek, Lehenik eta behin, irailaren 1etik aurrera Martindozenea aterpea irekitzea “guztiz positiboa” dela esan dute, migranteak jasotzeko bitarteko egokiena dela. Hala, harrera duin eta integral hori lortzeko, “bete beharreko alderdiak” nabarmendu nahi izan dituzte. Gehienez bost eguneko egonaldia mantentzen dela adierazi dute, baina, itzultze sistematikoa dela eta, askok aurrera egin ezin izan dutela salatu dute. Polizia frantsesak egindako “itzulpen ilegalak” salatu dituzte.

Oraindik ohe hutsak daudela diote, migrante askok kalean lo egitera behartzen dituzten bitartean. Egun, Lakaxita Gaztetxean 15 lagunek lo egiten dutela jakinarazi dute, “modu prekarioan, toldo baten azpian”. “Migratzaileak egunean zehar egoteko etxe baten beharra dago, batez ere adin txikikoentzat eta emakumeentzat”. Udalak eta erakundeek eskainitako bitartekoen erabilera soilik otorduetarako egiteko direnez, eguneko zatirik handiena kalean ematen dutela diote. Horrez gain, gaixorik dauden migranteen problematikari erantzuteko bideratze sistema baten falta sumatzen dute sareko kideek, segimendu integral baten gabezia.

“Bide batez, gogoratu nahiko genuke harrerak barne hartuko beharko lukeela bertan gure artean gelditu nahi duten pertsona oro, ezin zaie baztertu”, adierazi dute. Era berean, Martindozenean agertutako pintaketa arrazistak “gogor salatu” nahi izan dituzte, eta udalari egilea zein den iker dezala eskatu diote, eraso horren aurrean neurri egokiak jar ditzala. “Migratzaileak ez dira mehatxuak, aukera baizik”, esan du Babazek.