bidasoamedia bidasoamedia

Asteburuan amaituko dira Herri Olinpiadak

herri mugim.

Maiatzaren 7an bukatuko dira aro modernoko hirugarren Hondarribiko Herri Olinpiadak. Jai giroa izango da nagusi olinpiaden azken jardunaldian. 12:30etan hasiko da, argazki erraldoi bat egingo dute, eta Zumardira jaitsiko dira ondoren. Ez dute joko fisikorik egingo, eta bazkariaren prestaketari ekingo diote zuzenean.

Olinpiadetan parte hartu duten taldeek eta kanpoko zenbait eragilek parte hartuko dute bazkariaren prestaketan. Mitxel Arzak antolakuntzako kideak eman ditu azalpenak: “Sei elkarte gastronomikorekin hitz egin dugu”. Sukaldean aritzen ez diren taldeek janaria zerbitzatu edo jasoko dute.

Sarien banaketa egingo dute

Bazkarian 250 lagun inguru elkartuko dira. Ondoren, aurtengo edizioko sarien banaketa egingo dute, eta Elektropatxarangak giroa alaituko du. Gero, afalordura arte, Dj Aristik jarriko du musika. Marmoka taldeak ere kontzertua eskainiko du, eta bukatzeko, 23:00etatik 01:30era arte, dantzaldia egongo da.