bidasoamedia bidasoamedia

Asturiagako segada gogoratuko dute

Memoria

1974 urteko maiatzaren 20an Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Jose Luis Mondragon 27 urteko arrasatearra, eta Xabier Roque 21 urteko santurtziarra erail zituzten Hondarribiko Asturiaga harrizko hondartzan, Higer farolatik gertu. Iheslariak ziren biak, eta Jose Luis Arrondo Cocoliso “poliziak infiltratutako pertsona” zihoan haiekin batera. “Ez dugu aurkitu lekuko zuzenik, eta oso informazio urria daukagu eskura”, azaldu du Xabier Isasik, Asturiagako segadan hildakoak oroitzeko sortutako memoria taldeko kideak.

Larunbatean 43 urte beteko dira gertakari hartatik, eta Asturiaga 1974 memoria taldeak omenaldia antolatu du, gertakariak ahanzturatik ateratzeko. 12:00etan lore-eskaintza egingo dute Asturiagan. Gertakari haiek “oroitzea” da memoria taldearen helburua: “21 eta 27 urteko bi gazte hil zituztela oroitzea. Eta egia jakitea, diktadura zuritu egiten delako askotan”. 12:00etan memoria ekitaldi txiki bat egingo dute Asturiagako hondartzan bertan: “Ordukoa gogoratzeko lore eskaintza egingo dugu; hunkitu egin gaitu honek guztiak, oinazea eta utzikeria sumatu ditugulako”. Bi familiekin harremanetan jarri dira memoria taldeko ordezkariak, baina ez dira omenaldira joango: “Oso errealitate gogorrari aurre egin behar izan diote, 43 urteotan erabat bazterrean utzi dituztela sentitu dutelako”.