bidasoamedia bidasoamedia

ASUN CASASOLA, indarkeria matxistaren aurkako aktibista

Emakumea

Emakumeen Nazioarteko Eguneko jardueren harira egingo dute Asun Casasola Ipuin lehiaketako sarien banaketa. Martxoaren 8an emango dute, hain zuzen ere, irabazleen berri. Lanak aurkezteko epea amaituta, epaimahaiko kideak lanean ari dira jada. Lehiaketak Nagore Laffageren amaren izena darama, 2008an alaba erail zutenetik, indarkeria matxistaren aurka egin duen lana aitortzeko asmoz. Jende askoren “eredu” dela azpimarratu dute lehiaketako antolatzaileek beraiek.

Hamar urte beteko dira aurtengo uztailean, José Diego Yllanes 27 urteko medikuak Nagore Laffage 20 urteko erizaintza ikasle irundarra erail zuenetik. Iruñean, sanferminetan. “Bortxatu nahi izan zuen, Nagorek aurre egin zion, eta erail egin zuen”, gogorarazi du Asun Casasolak (Villamuriel de Cerrato, Palencia, 1957). Emakume bizia da, hiztuna. Eta indartsua. Ia hamarkada osoa pasata, irekita dauzka zenbait zauri. Baina ez du amorerik emango, gizartearen gaitz handienetako batekin amaitzeko borrokan.

Hamar urte beteko dira, aurten, Nagore erail zutenetik. Zerbait aldatu al du denborak, zuretzat?

Ezer gutxi. Egoerara ohituago nago, beharbada, baina daukadan hutsunea ikaragarria da. Egunerokoan Nagore ondoan ez edukitzea oso gogorra da oraindik.

Esan daiteke asimilatuago dudala gertatu zena, baina ez dut ulertzen, eta ez dut onartzen, ezta onartuko ere. Edonola ere, hamar urteren ondoren, momentu honetan oraindik Nagoreren inguruan hitz egiten aritzea garrantzitsua iruditzen zait. Hausnarketarako bidea ireki duela uste dut.

Zu zeu ere ez zara itzalean gelditu. Indarkeria matxistaren aurkako lanean murgildu zara urte hauetan guztietan.

2008ko udara hartan herrira alde egin nuen. Sortu zen zalaparta guztiarengandik ihes egin nuen. Gertukoen babesean, hasierako min handi horri aurre egin nion. Handik bueltan, Javier semeak animatu ninduen komunikabideetan parte hartzera. Pixkanaka hasi nintzen, eta modu espontaneo batean erakunde eta elkarte ezberdinetatik jarri ziren nirekin harremanetan.

Iruñeko Lunes Lilas ekimena, adibidez, orduan hasi zen. Haiek Helena Tarberna aurkeztu zidaten, Nagore dokumentala zuzenduko zuena. Nik korronte guzti hori jarraitu besterik ez dut egin. Proposamen gehienak onartu ditut.

Egia da Nagoreren erailketa inflexio puntua izan zela, Iruñean batez ere.

Hala da. Iruñeko herriaren inplikazioa ikaragarria izan da, aurrerantzean. La Manadaren kasuan eman duen erantzuna ikustea besterik ez dago. Erreferente izan behar luke gizarte osoarentzat. Sanferminen aurreko egunetan, kontzentrazio jendetsua egiten dute urtero-urtero, Nagoreri gertatu zitzaiona gogoratzeko.

Egia da Nagoreren erailketak oihartzun handia eduki zuela, eta nik, behintzat, babes handia sentitu nuela. Jendeak argi ikusi zuen injustizia handia izan zela.

Epaiketaz eta epaiaz ari zara?

Bai. Denborarekin pentsatu izan dut, hiltzailea familia onekoa izan ez balitz, ez litzatekeela horren bidegabea izango. Nafarroako auzitegiak ez zuen Nagorerena erailketa gisa jo, homizidio gisa baizik. Eta nik argi daukat erailketa izan zela. Ito egin zuen, jipoia eman ondoren.

Halako kasuetan herri epai-mahaia ezartzeak ez du inolako zentzurik. Gure kasuan, Nagore epaitu zuten, Yllanes baino gehiago. Nire alaba mutilzalea ote zen galdetu zidaten. Eta jende gaztea zen. Gaur egun, La Manadaren kasuan ere, ikusi dugu nola epaitu duten emakumea. Pauso txikiak eman ditu gizarteak, baina zentzu batzuetan ez du aurrera egin. Niri ere, batzuek iradokitzen zidaten, Nagorek ez zuela etxebizitza hartara igo behar izan. Nik beti errepikatzen dut, norbera libre dela nahi duenarekin nahi duen lekura joateko. Baina ezezko bat ematean denean, errespetatu egin behar dela beti.

Hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Yllanesi, . Baina dagoeneko espetxean lo besterik ez du egiten. Eta psikiatra gisa ari da lanean.

Niretzat mingarria da hori, jakina. Baina arriskutsua ere iruditzen zait. Nik ez dut esaten jendeak bizitza berregiteko eskubiderik ez duenik, baina behintzat, inguruan dituenek jakin dezatela nor den eta zer egiteko gai izan den. Errepikatzeko arriskua dago.

Ikastetxeetan eta elkarte ezberdinetan aritzen zara, Helena Tabernaren Nagore dokumentala eskaintzen eta neska-mutilekin hitz egiten. Nolako esperientzia izaten ari da?

Oso-oso aberasgarria. Indarkeria matxistaren aurkako lana hezkuntzan hasten dela uste dut, eta zentzu horretan, aurrerapen handiak egin direla iruditzen zait. Ikastetxe batzuetan egiten ari diren lana ederra da.

Lehen, adibidez, batez ere neskek egiten zizkidaten galderak. Orain, interes handia nabaritzen dut mutilen partetik. Zerbait aldatzen ari da, eta niretzat oso pozgarria da hori. Nik lo egiteko pilulak hartzen ditut egunero, baina ikastetxeren batean egon ondoren, ez ditut behar izaten. Lasai egiten dut lo.

Zer iruditzen zaizkizu Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren moduko ekimenak?

Oso aproposak. Ipuin lehiaketarena ideia bikaina iruditzen zait, emakume gazteak dira, biziak eta langileak. Gogoan dut lehen edizioan epai-mahaiko kide izan nintzela, baina negarrez irakurtzen nituela ipuin guztiak. Oso gauza politak idazten ditu jendeak. Aurten bigarren hezkuntzako gaztetxoei ere zabaldu diete, eta oso ondo iruditzen zait.

Denon inplikazioa behar dugu XXI.mendeko terrorismo ankerrenarekin bukatzeko. Niri, adibidez, pena handia ematen dit hilero Zabaltza plazan egiten genituen kontzentrazioak bertan behera gelditu izanak. Gero eta jende gutxiago biltzen ginen. Horrenbesteko ahalegina al da hamabost minutu eskaintzea? Jendea gero eta berekoiagoa da, eta ez da bidegabekerien aurka mobilizatzen, zuzenean eragiten ez dieten bitartean.