bidasoamedia bidasoamedia

Aurrera doa Behobiako Mendipe plan berezia

Hirigintza

Irungo Behobia auzoa hamarkada luzetan zehar bere horretan utzia izan dela agerikoa da, hirigintzaren ikuspegitik, bederen. Irungo Udala aspaldian hasi zen auzoaren birgaitzearen beharraz hitz egiten. Geografikoki, ibai-ertzean dagoelako batetik, eta errepide nagusia zeharkatzen duelarik, ez da kontu erraza.

Baina Udalak 1999. urteaz geroztik zintzilik duen Mendipeko Plan Berezia orain garatuko duela iragarri du Xabier Iridoy Hirigintza arloko ordezkariak. Irundik Nafarrora edo Pausurako norantzan goazela, errepide nagusiaren eskuin aldean geratzen zaigun kasik 17.906 metro karratuko lurzoruaren merkatalgune eta gasolindegi zaharraren eremua da hori.

Bertan, auzotarrentzako plaza bat, berdeguneak eta gaur egungo 10 merkatarien jarduerak mantendu eta berritzeaz gain, haien gainean eta aldameneko zelaian ere, hiru etxebizitza promozio egingo dituzte, haien artean guztira 44 Babes Ofizialeko Etxebizitza barne. Salmenta librekoak 60tik gora izango dira.