bidasoamedia bidasoamedia

Azaleko minbiziaren aurkako prebentzio kanpaina egingo du AECCk Hondarribian

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC Gipuzkoa) azaleko minbiziaren aurkako prebentzio kanpaina egingo du Hondarribiko hondartzan. Uztailaren 2an eta 9an izango da, 9:30etik 13:30era. Bost astez, Gipuzkoako kostaldeko bost udalerri eta barnealdeko beste zazpi bisitatuko dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailarekin elkarlanean.

Boluntarioek eta langile kualifikatuek parte hartuko dute, eeguzki esposizioari lotutako arriskuei buruzko informazioa banatuz. Beste azalpen praktikoen artean, azaleko melanina neurtzeko aukera izango dute postu ibiltarira hurbiltzen direnek. AECC Gipuzkoako prebentzio arloko arduradun Maider Sierrak jakinarazi duenez, minbizien artean zabalduena da azalekoa, baina baita prebenitzen errazena ere. “Azaleko minbizia da mundu osoan ohikoena eta beste edozein tumore baino bizkorrago ari da ugaritzen”, esan du. Hala ere, minbizia mota guztien artean, “modu errazenean prebeni daitekeena” dela erantsi du.

Minbiziaren kontrako elkarteak nabarmendu duenez, lainoek ez dute arriskua gutxitzen: “Eguzki-erradiazioa beste egun batzuetakoa bezain handia denean arriskuak bere horretan jarraitzen du. Hori dela eta, beharrezkoa da geure buruak berdin-berdin babestea eta, batez ere, erradiazio ultramorearen maila handieneko orduetan, eguerdiko hamabiak eta arratsaldeko seiak artean”.