bidasoamedia bidasoamedia

Azaroaren 25erako bat egin dute Irungo emakumeen elkarteek

Indarkeria

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a. Horren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte Irunen, Udalak eta hiriko emakumeen elkarteek bat eginez. Jose Antonio Santano alkateak nabarmendu du azaroaren 25ean ez ezik, urte osoan zehar hiriko elkarteek egiten duten lana: “emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatu behar da, eta horretarako ezinbestekoa da hiriko emakumeen elkarteek urtean zehar ere egiten duten lana”.

Sergio Corchón Ongizatea arloko ordezkariak aurtengo egitarauko berritasun batzuk azpimarratu ditu. Besteak beste, egun hauetan ikastetxeetan, elkarteetan eta toki publikoetan emakumeen kontrako indarkeriaz ohartarazteko liburu markatzaileak banatuko dituztela. Bestalde, Beldur Barik egitasmoaren sarien banaketa hilaren 27an Amaia Kultur Zentroan izango dela.

Ondorengoak dira azaroaren 25aren harira bat egin duten elkarteak: Uxoa, Argoiak, Gaurko Andreak, Pauso-K, Irun XXI foroa, Mugen Gainetik. Azaroaren 21etik abenduaren 12ra egingo dituzte Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako egunaren inguruko jarduerak.