bidasoamedia bidasoamedia

Baionara bidean igerian da Elgart, presoen alde

elkartasuna

Hondarribian hartu du atseden Paxkal Elgart amikuztarrak. 86 milia nautikoko abenturaren azken txanpan sartu da jada. Euskal presoek bizi duten egoerari buruz arreta piztu, eta haien alde dirua biltzeko xedez, Getxo eta Baiona lotu nahi ditu, igerian. Egunero 20 eta 30 kilometro artean egiten ditu igerian, neopreno baten babes soilarekin, hegatsik gabe.

Donostiaren eta Hondarribiaren arteko etapa gogorra izan zen, Jaizkibelgo itsasbazterreko korronteen kontra igerian ibili baitzen. Berantarekin eta nekaturik lehorreratu zen Hondarribiko Kai Berrian. Eta han, SAREk deiturik, 50 bat herritar zituen ongi etorria emateko.

Mediku batek amikuztarraren osasuna aztertu ondotik, Hondarribiko Muara elkartean afaldu zuen, bere erronkari buruz hondarribitarrekin blagan eginez. Gaur Hondarribiatik abiatu eta Miarritzeko Portu Zaharreko hondartzara ailegatuko da 18:00ak aldera. Ostiralean bukatuko du, Aturri ibaian gora igerian, Baionako Zizpa Gaztetxean antolatu duten gaualdira iristeko.