bidasoamedia bidasoamedia

«Bat gutxiago ere ez !» lelopean batu da Bidasoko Mugimendu Feminista, emakumeen indarkeriaren aurka

Atzo Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean Bidasoaldeko Mugimendu Feministak plataformak deiturik, iragan urtean biolentzia matxistak Espainiako Estatuan erahildako emakumeei omenaldia egin zieten.

«Bat gutxiago ere ez !» lelopean egindako elgarretaratzearen ondotik, bertan bildutako 500 lagunetako 89k, iragan urtean Espainiako estatuan erahilak izan diren beste hainbeste emakumeen izenak gogora ekarri, eta afitxak zintzilikatu zituzten Zabaltza plazako kioskoan. Ekimen luzea eta hunkigarria izan zen, egunerokoan indarkeria matxistak eragiten duen errealitate gordinaren lekuko.

2003az geroztik Euskal Herri osoan indarkeria matxistak 98 emakume eta 11 ume erahil ditu. Baina kasu larrien datu hotzak baino ez dira horiek. Isilean sufritzen duten 4.700 emakume dira gaur egun, Ertzaintzaren babesa dutenak. Horren arabera, beraz, EAEn 200 gizonetik bat erasotzailea da.

Irunen zehazki, 62.000 biztanle dituen hiria izaki, poliziak egunero biolentzia matxistarekin zerikusia duten bi ateraldi egiten ditu. Datu hauen aurrean, emakumeena ez ezik, gizartea iraultzeko gizonezkoen txanda ere badela, agerian utzi zuten herritarrek atzoko mobilizazioan.

Bakoitzak bere etxetik hasi beharreko iraultza egin beharra du gizarteak, indarkeria matxistari stop esateko. Baina gehienetan eremu pribatuan ematen diren erasoak diren heinean, agintarien konpromisoa, emakumeen babesteko zerbitzu sozialak, haur eta gazteen hezkuntza arloko sentsibilizazio kanpaina eta pedagogia, eta herri mobilizazioaz haratago, justizia goitik behera eraldatu beharra dagoela nabarmendu dute eragile feministek, etorkizunean, erahildako emakume eta ume gehiagoren izenik, atzoko zerrenda luzeagoa bilaka ez dadin.