bidasoamedia bidasoamedia

Berdintasunaren ikuspegitik landuko dute hizkuntza Oiasson

berdintasuna

Hizkera ez sexistari buruzko ikastaro laburra antolatu du Irungo Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkarteak, Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. “Hizkuntza Berdintasuna eta Komunikazioa” izenburua eman diote, eta hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik eta modu inklusiboan erabiltzen ikasteko formazioa izango da. Oiasso Erromatar Museoan egingo dute, otsailaren 3an eta 4an, arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara.

Elena Simon Rodriguez adituak zuzenduko du ikastaroa. 8 liburu idatzi ditu, eta Espainiako unibertsitateekin kolaboratzeaz gain, Europa mailan genero ikuspegian aditu gisa lagundu izan du, enpresa, elkarte eta erakundeen formazioan, edo Nazioarteko Kooperazio Agentziarekin. Feminismo arloko irakasle gisa definitzen du bere burua.

Deialdi berezia profesionalei

Hitzordu irekia da, baina erakunde publikoetako langile eta ordezkariei, eta komunikabideetako eta hezkuntzako profesionalei dei berezia zabaldu nahi izan diete. “Entitate publikoetan eta komunikabideetan falta hori sumatu dugu”, onartu du Irene Kastezubi Gaurko Andreak Elkarteko kideak. Izena emateko, Irungo Kale Nagusiko Nabartenea etxetik pasatzeko edo gaurkoandreak.irun@gmail.com helbide elektronikora idazteko eskatu dute. Tailerra doakoa da, eta parte hartzaile bakoitzak diploma bana jasoko du.