bidasoamedia bidasoamedia

Bidasoa Ibaiaren Nazioarteko Jaitsiera egingo dute larunbatean

Bidasoa Ibaiaren LII. Nazioarteko Jaitsiera egingo dute uztailaren 7an, larunbatean. Parte hartze bikaina aurreikusten dute, nahiz eta Espainiako Piraguismo Federazioak ezarrita duen egutegiarekin bateragarri ez izan. Kexu dira horregatik irundarrak, federazioak antolatutako zenbait probek bat egiten dutelako jaitsiera historikoarekin. Hala ere, kirol elkarte askotako palistak izango direla uste dute kirol mailan nahiz giroan era positiboan eraginez. 150-200 partaide espero dituzte.

Izan ere, Bidasoko jaitsieraren ibilbidea ikusgarria dela azpimaratu dute Santiagotarrak-eko kideek. Horretan eragina Endarlatsako presa kentzeak eragina izan duela baieztatu dute. Hori bai, kirolariek adi ibili beharko dute zenbait eremutan, ur emaria dela eta. 12:00etan, Villanueva de Endarlatsa bihurgune ezagunean emango dute lehen irteera, eta lehen ontziak 12:45 inguruan iritsiko dira helmugara, Santiagotarrak Kirol Elkartearen egoitzara, alegia.

Bigarren urtez, aurten ere herri jaitsiera egongo da. Denentzako proba da, piraguismoaz eta naturaz gozatu nahi dutenentzakoa. Hori 12:45an hasiko da San Miguelen, eta Santiagotarrak-en bukatuko da. Bertan parte hartu nahi dituztenentzako erraztasunak jarri ditu Santiagotarrak elkarteak, 10 euroan binakako edo bakarkako piraguak eta ekipo osoa alokatuko dizkielako hala nahi dutenei. Izena eman behar da aurretik, 943 63 20 56 telefono zenbakira deituz. Iaz 50 bat partaide izan ziren. Lehiaren ondoren, bazkari ederraz gozatzeko aukera izango da.