bidasoamedia bidasoamedia

Bidasoko ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko jardunaldiak antolatu dituzte

Bi jardunaldi antolatu ditu Olatukoop ekonomia sozial eraldatzailearen sareak Irunen. Maiatzaren 12an izan da lehena, eta 18an egingo dute bigarrena. Euskal Herriko eta Kataluniako proiektu ezberdinen esperientziak ezagutu dituzte lehenengoan, hitzaldi sorta baten bidez. Maiatzaren 18an, berriz, esperientzia horiek Behe Bidasoara nola ekarri aztertuko dute, tailer baten bidez. 19:00etan izango da, Palmera-Montero gunean.

Maiatzaren 12an egin dute jardunaldietako lehen saioa. Bertan, Kataluniako ekonomia sozialaren mapa osatu duen Pam a Pam ekimeneko kideak egon dira, alde batetik. “Duela lau urte inguru hasi ziren horretan, beraz, guk baino aurreratuago daramate prozesua”, aipatu du Iker Eizagirrek. Gainera, Olatukoop Euskal Herriko sarean parte hartzen duten proiektu ezberdinen esperientziak ere entzun ahal izan dituzte.

Maiatzaren 18an, esperientzia horiek Euskal Herrira nola ekarri aztertuko dute. Tailer formatua edukiko du saioak, 19:00etatik aurrera, Palmera-Montero gunean. Lan taldeetan antolatuko dituzte parte hartzaileak, gai ezberdinak lantzeko: elkarlana, kooperazioa, inteligentzia kooperatiboa etab. Galdera ezberdinei erantzuna ematen ahaleginduko dira: “Nola sortu proiektu komunak enpresa guztiak indartzeko, nola eman ikusgarritasuna ekonomia egiteko modu honi, zein interkooperazio proiektuak jar ditzakegun martxan, jakintza kolektibo hori nola antolatu eredu berri hau egonkortzeko”.