bidasoamedia bidasoamedia

Bidegorrien sarea handituko du Irunek

Garraioa

Irun hirian zehar bizikletan mugitzen direnek bidegorri tarte berriak baliatu ahal izango dituzte 2018an. Alde batetik, Behobia auzoa Osinbiribilekin lotuko duen pasabidea amaituko du udalak, urteko lehen hilabeteetan. Azken fasean daude oinezkoentzako ibilbidea eta bizikleta erraia eraikitzeko lanak. Bestalde, Anaka auzoan dagoen Aldabe mendia kaleko bidegorri proiektuaren erredakzioa enkargatu du udalak. Mugikortasuna arloak Antziola Proyectos y Obras S. L. enpresari enkargatu dio proiektuaren erredakzioa eta obra zuzendaritza. 10.708,50 euroko aurrekontua eta bi hilabeteko epea edukiko ditu lanak burutzeko.

Zubimuxuko eta Puianako biribilguneen arteko bidegorriaren obra lizitatzeko eta esleitzeko prozesuan dago. Bitartean, Irungo Udaleko Mugikortasuna arloak unea baliatu du lan horiekin lotura duen proiektu txikiago bat martxan jartzeko. Helburua da Puianako biribilgunera iritsiko den bidegorria Burniola kalekoarekin konektatzea. Horrela, bidegorriarekin lotuta geldituko dira Hondarribia kalea, Soroxarta, Belaskoenea eta Katea-Landetxa. Horretarako, bizikleta erreia falta da Aldabe mendia kalean, Burniola eta Letxunborro hiribideak konektatzeko.

Aurrekontu parte hartzaileetako proposamena da

Cristina Laborda Mugikortasuna arloko ordezkariak nabarmendu du gazteen aurrekontu parte hartzaileetako proposamen bati erantzuten diotela Aldabe mendia kaleko lanek: “Aukera ezin hobea da Irungo eremu horretako bidegorrien sarea osatzeko. Belaskoenea auzoarekin lotu eta oso aukera interesgarriak sortzen dira oinezkoen eta bizikleten mugikortasunerako, eskualde osoan”. Nabarmendu beharra dago, zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu bat duela Bidasoko Ospitalearen eta Mendelu auzoaren artean bidegorria egiteko.

Behobia eta Azken Portu lotuko dituen bidegorriari dagokionez, lanak amaitzear daude. 2017ko apirilean hasi zituzten obrak, 2.217.840 euroko aurrekontuarekin. 950 metroko ibilbidea da, oinezkoentzako pasabidearekin eta 2,25m-ko zabalera edukiko duen bidegorriarekin. Behobiako sarrerako haur parketik Ford Vertiz kontzesionariora doa. Bigarren fase batean, Artiako kanalaren gaineko zubiarekin lotuko dute ibilbide hori. Erredakzio fasean dago oraindik. Edonola ere, Osinbiribil eta Behobia lotzen dituen ibilbideak aukera handiak zabaltzen ditu, Bidasoaren beste aldean, Urruñako Pausu auzotik Hendaiako Kaneta portura doan bidea kontuan hartuta.