bidasoamedia bidasoamedia

Bizi Baratzea liburua aurkeztuko du Jakoba Errekondok Hondarribian

ekologia

Bizi Baratzea liburuaren aurkezpena egingo du Jakoba Errekondok Hondarribian, EH Bildu udal taldeak antolatuta. Ostegunean, abenduaren 10ean izango da, 19:00etan Alde Zaharreko Kultur Etxean (Denda kalean). Aurkezpenaren ondoren, hitzaldia emango du, baratzako produktuen eta landareen inguruan, eta horien landaketari eta zaintzari buruz. Hizlariari edozein zalantza galdetzeko aukera egongo da.

Jakoba Errekondok 30 urte baino gehiago daramatza baratzegintzan eta lorezaintzan. Ez hori bakarrik, irrati saio ezberdinetan parte hartu du, beraz, badu gaiari buruz hitz egiteko ohitura. Gaur egun Euskadi Irratiko Landaberri saioan dabil. Hitzaldia edonorentzat interesgarria izan daitekeela adierazi dute antolatzaileek: «Hitzaldia oso garrantzitsua izango dela iruditzen zaigu, eta ez soilik baratzea lantzen ibiltzen den jendearentzat; Jakobak gai honen inguruan duen pasioa eta jakinduria transmititzeko erraztasuna kontutan hartzekoak dira».