bidasoamedia bidasoamedia

Creacity proiektua aurkeztuko du Hondarribiak Fiturren

Turismoa

Madrilgo Fitur turismo azokan parte hartuko du Hondarribiak. Urtarrilaren 18tik 22ra ari dira egiten. 20an, Hondarribiko Udaleko ordezkaritza izango da bertan, alkatea buru. Iruñeko eta Baionako ordezkariekin batera, hiru hiriek elkarlanean martxan duten Creacity proiektua eta haren jarraipena aurkeztuko dituzte. Hiri gotortuak balorean jartzeko xedea du Creacityk eta, aurtengo proposamena da kultura eta gastronomia jarduerak harresietan burutzea.

Nafarroako stand-ean aurkeztuko dute proiektua. Ondoren, gastronomia dastaketa eskainiko dute, hiru hirietako produktuekin. Nafarroako ardoa, Hondarribiko txakolina eta Baionako txokolatea dastatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek. Arratsaldean, Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen sarearen Batzarrean parte hartuko du Hondarribiak. Urteko jardueren egitaraua zehaztuko dute bileran.

Eskualdearen parte hartzea

Bidasoa Eskualdeak ere parte hartuko du, Bidasoa Bizirik-en bidez, “Euskadi Euskal Kosta” stand-ean. Bertan, eskualdeko interes guneei buruzko informazio orokorra eta zehatza eskainiko dute: eskaintza nautikoa, Oiasso museoa, Hondarribiko hiri gotortua, gastronomia, natura, jatetxeak, esperientzia turistikoak etab...

Fitur azokaren 37.edizioa izango da aurtengoa. 165 herrialdetako 9.672 erakusketari egongo dira guztira. Gainera, Nazio Batuen Erakundeak deitzen duen Garapenerako Turismo Iraunkorraren Nazioarteko Urtearen inaugurazio egoitza izendatu du Turismoaren Mundu Erakundeak.