bidasoamedia bidasoamedia

Egindako lana zabaldu nahi dute Bizikidetzaz Blagan ekimeneko partaideek

herri mugim.

Motibazio politikoko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen inguruko bizipenak partekatzeko prozesua garatzeko gonbidapena luzatu zion Hondarribiko Udalak, 2015ean, hiritarren talde bati. Udal talde politiko guztiek babestu zuten ekimena. Sentsibilitate ezberdinetako zenbait herritar bildu ziren, gaiaren inguruan aritzeko: bizipenak partekatzeko aukera izan zuten, indarkeriaren ondorioz bizi izandako gertakizunak, eguneroko bizitzan izan duen eragina, eta aurrera begira dituzten itxaropenen, eta asmoen inguruan aritu ziren hizketan.

Esperientzia aberasgarria izan dela baieztatu dute parte hartzaileek. Orain, jarduera sorta bat antolatu dute urrian eta azaroan aurrera eramateko. Egindakoa hirian zabaldu eta jende gehiago gonbidatu nahi dute taldera. Helburu horrekin antolatu dituzte aurtengo jarduerak. “Egin dugun sukaldeko lana azaleratu nahi dugu orain, herritarren parte hartzea bultzatzeko”, adierazi du Koldo Ortegak. Asteazkenetan izango dira jarduerak, 19:00etan:

Urriak 19: ZINEFORUMA. “MUJERES EN CONSTRUCCIÓN” pelikula, KULTUR ETXEAn. Indarkeria pairatu duten emakume ezberdinen testigantza izango da ikusgai. Urriak 26: Donostia 2016 kultur hiriburuak bultzatzen duen TEATROFORUM; “¿Y TU QUÉ?” antzezlana ikusteko aukera izango da, KULTUR ETXEAn. Antzezlana Baketik elkarteak sortua da, eta eguneroko bizitzan indarkeriak eragiten dituen egoerei buruz hausnartzen lagunduko du. Azaroak 2: “GLENCREE DOKUMENTALA“, KULTUR ETXEAn. 2007tik 2012ra, isilpean, biktima ezberdinak elkartu eta beraien bizipenak partekatu zituzten. Dokumental honek prozesu hura azaltzen du. Azaroak 9: TAILER berezi bat egongo da, UDALEKO PLENO ARETOAN, Hondarribian ZUK ahora! Hondarribian TÚ ahora! izenburuarekin.