bidasoamedia bidasoamedia

Ekarpen solidarioa egin dute Hondarribiko artistek

elkartasuna

Aurkikuntza artistiko handia egin dute Hondarribian, ezustean, bilatu gabe. Greziako kanpalekuetako errefuxiatuen alde ekintza bat prestatzen ari zirela, herrian behintzat 63 artista daudela deskubritu dute. Sorpresa handia izan da, eta balioan jartzea erabaki dute, ezkutalekuetatik atera eta haien lana erakutsi, herritarrek eta bisitariek ere deskubritu ditzaten.

Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak zozketa solidarioa egingo du bi aste barru eta errifak saltzen ari dira euro batean. Mari Jose Aseginolaza presidenteak azaldu duenez, herri osoa inplikatu nahi izan dute: “Udazkenean osasunari eta elikadurari lotutako proiektu bat abiatu nahi dugu Grezian, eta herriko profesionalei laguntza eskatu diegu, bakoitzari bere jarduerarekin zerikusia duen zerbait oparitzeko eskatu diogu, artistei artelan bana”.

Aste honetan ari dira oparien zerrenda ixten, eta dagoeneko 370 baino gehiago lortu dituzte, horien artean 63 artisten lanak. Apirilaren 22an zozketatuko dituzte “jendaurrean, kristalezko kutxetan”. Route 33 kafetegian 32 lan bildu dituzte, bi paretetan banatuta. Otzazki galerian beste 20 inguru. Gainontzekoak, Sardaran erakutsiko dituzte.