bidasoamedia bidasoamedia

Ekonomia Feminista ikastaroak egingo dituzte Irunen

Emakumea

Bidasoaldeko Elkarte Feministak eta Mundubat elkarteak ekonomia feminista eskolak antolatu dituzte. Urriaren 8tik maiatzaren 27ra izango dira, Irun Factoryn. Ikastaroan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharra dago Bidasoaldeko Elkarte Feministaren helbide elektronikoan: bidasoaldekoelkartefeminista@gmail.com.

Josefina Roco Sanfilipporen Bidean eman beharreko urratsak liburuan oinarritutako metodologia erabiliko dute ikastaroetan. Roco bera izango da eskolen gidarietako bat. Hogei laguneko taldea osatu nahi dute. Adin ezberdinetako emakumeak erakarri nahi dituzte, denek denengandik ikasi ahal izan dezaten. Bost modulutan banatuta egongo da ikastaroa, eta ondorengo gaiak landuko dituzte: patriarkatuak eta neoliberalismoak emakumeei nola eragin dien, eta horiei ekonomia feminista baten ikuspuntutik nola erantzun. “Guztia hutsetik berreraikiko dugu”, adierazi du Rocok.

Hego Ameriketan dute jatorria

Ekonomia Feminista ikastaroak Hego Ameriketan hasi ziren egiten. Euskal Herrira ekarri eta egokitu dituzte, baina momentuz, Gipuzkoan bi tokitan baino ez dituzte egiten: Donostian eta Irunen. Pixkanaka sarea zabaldu nahi dute.