bidasoamedia bidasoamedia

Elkarretaratzeak egingo dituzte Irungo eta Hondarribiko udal ordezkariek Memoriaren Egunean

giza eskubideak

Memoriaren Eguna ospatuko dute Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan azaroaren 10arekin. Irunen, Ertzaintzaren komisaldegiaren aldamenean dagoen biktimen omenezko monolitoan egingo dute udal ordezkari guztiek lore eskaintza. Ekitaldia 12etan izango da, bost minutuko isilunearekin. Lore eskaintzaren ondoren, terrorismoaren eta indarkeriaren 20 biktimen izenak dituen plaka erakutsiko dute.

Jose Antonio Santano alkateak eskualdean bizi diren biktimekin eta haien senideekin hitz egin du, eta kanpoan direnei eskutiz bidez eskatu die plakan izena jartzeko baimena. Eusko Jaurlaritzako Memoriaren Institutuaren arabera, eskualdean terrorismoaren 31 biktima izan dira, gehienak ETA erakundearenak, baina Batallon Vasco-Españolen biktimak edota manifestaldietan hildakoak ere badira. Dena den, biktima batzuek ez dute Irungo alkatearen gonbidapena onartu. Plakan agertuko diren 20ak, guztiak, ETAren biktimak dira.

PPk ez du Hondarribiko ekitaldian parte hartuko

Hondarribiko Udaleko alderdi guztiek (EAJ, Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP) bat egin dute Oroimenaren Eguna dela-eta EUDELek kaleratutako adierazpen instituzionalekin. Baina PPko ordezkariak ez du azaroaren 10eko ekitaldian parte hartuko. Hamabost minutuko elkarretaratzea egingo dute 12 :00etan udaletxeko atarian.

EUDELen idatzia 2013ko martxoan alderdi guztiek Eusko Jaurlaritzak adostutako testu labur batean oinarritzen da, eta azken hiru urteotan bakearen eta bizikidetzaren esparruan lortutako zeharkako adostasun bakarretakoa da. Ondorengoa da adostutako testuak dioena: “Bakea eta bizikidetza lortzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina onartzea eta biktimak duintzea; izan ere, biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta konponbidea lortzeko eskubidea”. Txomin Sagarzazu alkateak adierazi du bizikidetzan urratsak emateko oinarria dela adostasuna : “Asmoa da Oroimenaren Eguna ahalik eta adostasun handienarekin egitea, eta, horretan oinarrituta, urterik urte aurrerapausoak ematea bizikidetzaren esparruan”.