bidasoamedia bidasoamedia

Emakume bertsolariek jaso dute Berdintasunaren Hiria Saria

berdintasuna

Garai bateko eta gaur egungo emakume bertsolariek jaso dute aurten Jaizkibel konpainiak ematen duen Berdintasunaren Hiria Saria. Larunbatean, irailaren 2an egin dute sari banaketa ekitaldia Kultur Etxean, Jaizkibel Konpainiaren entseguarekin bat eginez.

2015ean eman zuten saria lehen aldiz, berdintasunaren alde lan egiten duten pertsonak edo erakundeei aitortza egiteko helburuarekin. Aurten, emakume bertsonariek jaso dute, eta denen ordezkari izan dira Erika Lagoma, Uxue Alberdi, Amaia Agirre, Kristina Mardaras eta Maialen Lujanbio.

“Mende luzez gizonezkoen mundua izan den horretan berdintasuna txertatzeagatik omendu ditu epaimahaiak”, azaldu du Marian Emazabel Jaizkibeleko kideak. Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak, Garbiñe Biurrun epaileak, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak, Xabier Lapitz kazetariak eta Nieves Alza saskibaloi entrenatzaile ohiak osatu dute aurtengo epaimahaia. Rios eta Lapitz ezik, beste hirurak izan ziren sari banaketan.

Bestalde, hainbat erakundetako ordezkariak gerturatu dira ekitaldira, Jaizkibel konpainiari babesa eskaintzeko asmoz. Besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Julia Hernandez Arartekoaren ondokoa, Denis Itxaso Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kiroletako Foru Diputatua, EH Bildu eta Ahal Duguko zenbait batzarkide, Podemoseko senatari Josetxo Arrieta, eta Abotsanitz eta EH Bilduko udal taldeetako kideak hurbildu ziren.