bidasoamedia bidasoamedia

Epaitegietan da Hondarribiko Unesco auzia

Unesco auzia delakoan legez kanpoko jokabiderik izan ote zen argitzeko ikerketa martxan jarri du Irungo 2.instrukzio epaitegiak. Prebarikazio, dokumentu-faltsutze eta maula-prozesal delituak egon ote diren aztertzen ari da epailea. Auzian inplikatuta dauden pertsona batzuk hasi dira haren aurrean deklaratzen.

2015 urtean, Unescoren Hiri-sortzaileen Sarean sartzeko hautagaitza aurkeztu zuen Hondarribiak, gastronomia arloko ezaugarriak kontuan hartuz. Hautagaitza hori prestatzeko, Arma Plaza Fundazioak promoziorako bideo bat eskatu zion enpresa bati.

Bideo horrekin atzerapenak, kostuaren biderkatzea eta beste zenbait arazo sortu ziren. Azkenean, abenduan Unescok aukeratutako hirien artean ez zen sartu Hondarribiaren hautagaitza. Arma Plaza Fundazioaren eta enpresa grafikoaren arteko harremana eten egin zen. Orain, lan harreman horretan, eta lana eten eta gero bi aldeen artean gertatutakoa aztertzen ari da Irungo 2 zenbakidun Instrukzio Epaitegia, legez kanpoko zerbait egon ote zen ikusteko.