bidasoamedia bidasoamedia

Erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak egin dituzte eskualdean

herri mugim.

Eskuen Eguna egingo du Bidasoko Gure Esku Dago Herri Ekimenak, ekainaren 12an. Lehenago, talde argazkiak eta adierazpenak egin dituzte asteburuan Hendaian, Hondarribian eta Irunen. Irungo Oiasso Museoan 60 lagun inguru bildu ziren, eta Markos Zapiainek irakurri zuen adierazpena. Sektore ezberdinetako 300 lagunen babesa jasotzen duen zerrenda argitara eman zuten.

Arlo ezberdinetako pertsonak bildu dira Oiasso Museoan: kirola, kultura, hezkuntza, politika… “Erabakitzeko eskubideak batzen gaitu”, izenburuko adierazpena sinatu dute denek. Haien babesa eman dute, kirol, hezkuntza, politika, kazetaritza, artea edo sindikalgintza arloetako irundarrek.

Hiru eskaera nagusi egin dituzte adierazpenean. Batetik, Irunen arlo ezberdinetan erreferentzia izan daitezkeen lagunei Adosgune edo Foro bat sortzeko eskatu diete. Bestalde, euskal gizartearen ordezkari nagusiei, itunak eta akordioak bultza ditzaten galdegin diete. Bukatzeko, ekainaren 12rako Gure Esku Dagok antolatutako Eskuen Egunean parte hartzeko deia egin dute.

Ehunka hondarribiar San Pedro kalean

Hondarribian ere larunbat eguerdian egin dute ekitaldia. Ehunka herritar bildu dira San Pedro kalean. Herriko hiru talde politiko nagusietako ordezkariak hurbildu dira babesa ematera (EAJ, Abotsanitz eta EH Bildu). Festa giroa izan da gainera, Abiyuan txarangarekin, Goxoki abesbatzarekin eta muxiko taldearekin.