bidasoamedia bidasoamedia

Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa egingo dute Hondarribian

Gastronomia

Ekainaren 3tik 15era egingo dute Hondarribiko Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa. Irabazleak Nazioarteko IX. Erdi Aroko Pintxo Lehiaketan parte hartzeko txartela eskuratuko du. Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen Sareak antolatuta, urriaren 7tik 9ra izango da, Consuegran (Toledo).

Hiriko hamar taberna ariko dira lehian: Danontzat, Enbata, Hondar, Itsaspe, Kai Zaharra, Larra, Obispo, Sardara, Txantxangorri eta Gran Sol. Aurten, lehen aldiz epaimahai profesional batek erabakiko du pintxorik onena zein den. Aurreko ekitaldietan, bezeroek bozkatzen zuten. Arroka Berriko, Hermandadeko eta Kokartako sukaldariek osatuko dute epaimahaia, eta tabernetara abisatu gabe joango direla jakinaraziko dute.

Erdi Aroko osagaiekin

Erdi Aroko pintxoak, garai hartan Iberiako penintsulan eskuratu zitezkeen osagarriekin prestatu behar dituzte parte hartzaileek. Hau da, ezin dira erabili Colon Amerikara iritsi ondorengo jakiak: patata, artoa, tomatea edo txokolatea, besteak beste. Hondarribiko Erdi Aroko Azokarekin bat egingo du aurten lehiaketak.