bidasoamedia bidasoamedia

Eremu gorri izendatu nahi du Frantziako Estatuak Hendaiako Intzura auzoa

Aktualitatea

Frantziako Estatuak asteburuan argitaratutako ikerketaren arabera, Hendaiako Intzura-Les Joncaux auzoa uholde arriskuan dago. Uholdeen Kontrako Larrialdi Planaren baitan, Intzura eremu gorri izendatzeko asmoa du estatuak, Bidasoa ibaiak gainezka egin dezakeelakoan.

2.500 bizilagun eta 50 enpresa inguru daude Intzuran. Auzotarrek ez dute erabakia ulertzen, ez baitute inoiz uholderik ikusi. “Azken uholdea 1956an izan zen. Gero ibaia dragatu zuten, eta aurrerantzean ez da arazorik egon”, adierazi du Manolo Alkaiaga bizilagunak. Kezkatuta daude, auzoa eremu gorri izendatzeak etxebizitzen balioa apalduko duelako. Enpresentzat ere albiste txarra da, Intzura eremu gorri izendatzen duten momentutik aurrera ezin izango baita gehiago eraiki.

Urtarrilaren 18an bilkura informatiboa egin zuten Zokoburun, eta 300 lagun bildu ziren, 4 orduz. Iker Elizalde Hendaiako auzapezordeak onartu du Hendaiako Herriko Etxea ikerketei “buru egiten” ahaleginduko dela, Intzura eremu gorri izendatzearen ondorioak latzak izan daitezkeelako: “Uste dugu arriskuak ez direla hain nabarmenak”.