bidasoamedia bidasoamedia

Erletxea prestazio sozialei buruz informatzen hasi da berriz ere Irungo Kale Nagusian

herri mugim. elkartasuna giza eskubideak

Irungo Kale Nagusian dagoen Erletxeak ateak zabaldu zituen atzo. Bertako bolondresek aurrekoaren kemen berberarekin ekiten diote ikasturte berriari, jakinez, lan sozial garrantzitsua egiten ari direla. Haien esanetan, "administrazio publikoen hutsuneak" betetzen dituztelako, "ohiko laguntza sozialetatik kanpo aurkitzen diren pertsonei lagunduz".

Joan den urtarrilean prestazio sozialen inguruan informatzen hasi zirenetik, abuztuan baino ez dute itxi. Baina Larrialdizko Laguntza Sozialak, Dirusarrerak Bermatzeko Errenta eta herritarrek dituzten bestelako laguntza sozialak jasotzeko eskubideei buruz informatzen hasi dira berriz ere.

Aurreko zazpi hilabeteetan 68 kontsulta jaso zituzten, kontuan hartuta, astean ordu t'erdiko zerbitzua ematen dutela Erletxeko bulegoan. Baina abuztuan itxita egon ondotik, atzo hainbat herritar hurbildu ziren informazio eta laguntza eske.

Erletxeko bolondresek diotenez, Lanbidetik eta orohar administrazio publikoetatik eskuratzen ez duten harrera goxoa eta eskubideen inguruko informazio garbia lortzen dute, bertaratzen direnek. "hurbiltzen diren gehientsuenak, 50 urte inguruko emakume bananduak dira, seme-alabak dituztenak baina egoera ekonomikoagatik aitak pentsioa ordaintzerik ez duen arren, ohiko laguntzetarako eskubiderik ez dutenak". Bestalde, pentsiodun anitz joaten dira ere galdezka. "Seme-alaba helduak dituzte, baina etxera bueltatu dira langabezian daudelako eta ez ezin dutelako euren etxea ordaindu, kontua da, aita edo amaren pentsioaz bizi direla denak", azaltzen du Erletxeko kideak.

Kasu horietan bezala, nora jo ez dakitenei edota administrazio publikotik pasa ondotik, euren eskubideak zeintzuk diren ere argi ez dutenei informatzen saiatzen dira Erletxean. "Lanbiden emakume zaharrak urduri jartzen dira, pentsatzen zutenaren erdia galdetzen dute, eta jasotako informazioaren erdia ulertzen dute", dio bolondres honek, "hemen, aldiz, lasaitasun batean galdetzen dute, harrera goxoagoa aurkitzen dutelako".

Hala, gogoan hartu, Irungo Kale Nagusiko Erletxeak astelehenero ateak zabalduko dituela goizeko 11:30etik 13:00a bitartean. Eta kontsultak Internet bidez ere egin daitezkeela, info@erletxea.org posta elektronikora idatziaz.