bidasoamedia bidasoamedia

Erraustegiaren eraginari buruzko hitzaldia antolatu dute Oiasson

osasuna

Erraustegiek osasunean duten eraginari buruzko hitzaldia egingo dute otsailaren 22an Oiasso Museoan. Erraustegiaren Aurkako Txingudiko Plataformak (EATP) prestatu du, eta ondorengoa da izenburua: “Ba al dakizu zein eragin duen Ingurumen Guneak edo erraustegiak osasunean?”. 19:30etan izango da, Irungo Oiasso Museoan.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) medikuek parte hartuko dute hitzaldian. Joxe Mari Tallon medikoa ariko da euskaraz, eta José Cruz Villandiego gaztelaniaz. Gipuzkoako Diputazioak Zubietan ireki nahi duen erraustegiak gipuzkoarren osasunean duen eraginari buruzko azalpenak eskainiko dituzte.

Gai honen inguruan azterketa sakon bat egin ostean, pertsonengan erraustegiak dituen ondorio zuzenen txostena kaleratu du OEIT-k. Erraustegiaren eta osasunaren arteko lotura estua ikertu dute. Ondorengo galderei erantzuna ematen ahaleginduko dira hitzaldian: “Zein gai sortzen eta isurtzen dira erraustegi batean?” edo “Zenbaterainokoa da gaitzak garatzeko arrisku maila?”.