bidasoamedia bidasoamedia

Errefuxiatuen eskubideak errespeta daitezen eskatuko du Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek

elkartasuna

Europako atarian errefuxiatuekin ematen den blokeo egoera jasanezina salatuko du asteburuan Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Horretarako, giza zutabea antolatu dute, Baionaren eta Gernikaren artean. Ostiralean, 17:00etatik 18:00etara, ekitaldi sinbolikoa egingo dute Irungo Santiago zubian, Lapurdiko eta Gipuzkoako zutabeak elkar lotzeko unean.

Agintariei legea bete dezaten eskatuko dietela azaldu dute: “Herritarrek ozenki hitz egin dute jada, baina elkartasun ekimen pribatuek ezin dute legeak estali beharko lukeen hutsunea bete”. Salatu dute Europako Batasunak markatutako estatu kideen errefuxiatu harrera kopuruak, eta 1951. urtean Nazio Batuen Konbentzioak agintzen dituen irizpideak ez direla betetzen.

Europan hedatzen ari den "beldurraren eta gorrotoaren diskurtsoa” alboratu eta errefuxiatuek legez dituzten eskubideak bete daitezela galdegingo du zutabeak. Ostiralean arratsaldeko 17:00etan, Iparraldeko zutabeari ongi etorria emango diote Santiago zubiaren aldamenean dagoen plazatxoan, eta harekin batera 18:05etako Euskotreneko topoa hartuta Gernikarako bidea segituko dute.