bidasoamedia bidasoamedia

Erromesentzako aterpe berria martxan jarri du Jacobi elkarteak

Uztaileko hilabetearen amaieran erromesentzako aterpe berria ireki zuten Irungo Jacobi elkarteko kideek. Aterpetxe berria Lesaka kalean kokaturik dago, aurretik haurtzaindegia zegoen eraikinean. Aterpean, erromesei ostatua emateaz gain, paperezko maindireak eta gosaria banatzen dituzte egunero.

Aterpetxe berrian Jacobi elkarteak erromes gehiagori baldintza txukunagoetan harrera egiteko aukera du. Hiru logela eta zazpi bainugelekin 61 pertsonentzako lekua daukate aterpe berrian. Eraikinaren kanpoaldean kokaturiko estalkia da aterpearen nobedade nagusia, arratsalde euritsuetan erromesei kalera irteteko aukera emango diena. Josin Galzacorta Jacobi elkarteko presidenteak, azaldu du, “erromesei harrera ona egitea da orain gure kezka nagusia”.

Aterpetxe berria martxan jartzeko Jacobi elkarteak esfortzu ekonomikoa egin behar izan du. Proiektua aurrera eramateko eskualdeko erakunde eta enpresa ezberdinen laguntza ezinbestekoa izan dela azaldu du Josin Galzacorta elkarteko presidenteak. Ingurukoen laguntza jasotzeaz gain, Donejakue bidearen Amerikako Lagunen Elkarteak 6.000 dolareko diru-laguntza bidali die proiektua aurrera ateratzeko.