bidasoamedia bidasoamedia

Eskolako materiala erosteko diru-laguntzak emango ditu Irungo Udalak

“Erosi eta ikasi” kanpaina prestatu du Irungo Udalak, hamabosgarrenez. Irunen erroldatuta dauden haurren gurasoek eskolako materiala erosteko diru laguntza jaso dezakete hari esker. Udalak 200.000 euroko diru partida du bideratu du zeregin horretarako. Eskaerak egiteko epea hilaren 2tik irailaren 28ra dago zabalik. Erosketek, bestalde, ekainaren 22tik irailaren 28ra arteko data izan behar dute (fakturetan agertu behar da).

Derrigorrezko baldintzak bi dira: eskaera egingo duten familiak Irunen erroldatuta egotea, eta erosketak hiriko komertzioetan egitea (erosketa tiketak edo fakturak gorde behar dira laguntza jasotzeko). LHko eta DBHko ikasleentzat da deialdia. Laguntza jasotzeko aukera duten gastu edo erosketak, honako artikuluenak dira: koadernoak, orriak, artxibagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, motxilak, testu liburuak, eskola uniformeak, hezkuntza fisikorako oinetako edo arropa, hezkuntza artistikorako materialak (pintzelak, margoak, olioak, argizariak…).

Irun Txartelarekin egin daitezke eskaerak, irun.org web gunean edo 010 telefono zenbakira deituta. Bi bide horiek erabiliz informazio gehiago lor dezakete interesdunek.Aurten, datuen babeserako legeagatik, eskatzaileek baimena eman behar diote udalari haien datuak kontsultatu ahal izateko.