bidasoamedia bidasoamedia

Eskolako materiala erosteko diru-laguntzak eskainiko ditu Irungo Udalak

hezkuntza

“Erosi eta Ikasi” izeneko eskolako materiala erosteko diru-laguntza programa martxan jarriko du hirugarren urtez Irungo Udalak. Aurten 200.000 euro bideratuko ditu ekimen horretara, eta errentaren arabera jasotzen den laguntza handiagoa izango da, 25 euro gehiago atal bakoitzean, guztira, 100, 75 edo 50 euro.

Uztailaren 1etik irailaren 30era arte egin ahal izango da diru-laguntza horiek jasotzeko eskaera. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ikasten ari diren haur irundarren familiek eskatu ahal izango dituzte, eta eskola materiala izango da finantzatuko dena: koadernoak, folioak, estutxeak, kalkulagailuak, motxilak, liburuak… Materiala erosterako orduan ordaingiriak gorde eta laguntza eskatu ahal izango dute irun.org udalaren web gunearen bidez, Irun Txartela baliatuta. Erosketak Irungo dendetan egitea ere eskatuko dute.

2015-2016 ikasturtean 2.000 haur inguru lagundu ahal izan ditu Udalak laguntza horiekin. Gogoan hartu behar da, laguntzak familiaren errentaren araberakoak izango direla. Eta oraingo honetan, laguntzen opuruak 75, 50 eta 25 eurokoak izan beharrean, 100, 75 eta 50 eurokoak izango dira. Guztira 200.000 euroko partida bideratuko du Udalak programa diruztatzera.