bidasoamedia bidasoamedia

Etorkizuna jokoan

politika euskara komunikazioa

2012ko urrian, PSEren legegintzaldiaren amaieran, irrati lizentziak banatzeko deialdia zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak. Frekuentzia legal bat eskuratzeko interesa zuten proiektu komunikatiboek txosten bat aurkeztu zuten eta guztira 34 lizentzia banatu ziren. Horietatik hamahiru, euskarazko irratientzat ziren. Abenduan aldiz, egoera hori goitik behera aldatu zen. PSE gobernutik ateratzear zegoela, deialdia baliogabetu eta irrati horiek alegalitatean utzi zituen berriro.

Antxeta Irratiak, Araba Irratiak, Justuri Irratiak eta Euskal Irrati Zerbitzuek helegitea aurkeztu dute eta Eusko Jaurlaritzari, prozesua bukatzeko eskatu diote. Irrati horiek, euskalgintzako eragileekin batera, agerraldia egin zuten atzo Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Agus Hernan, Antxeta Irratiko lehendakariak, egoera azaldu zuen: “Irregulartasunez betetako prozesu bat izan da, eta gu, euskal irratiok, horren erdian bahituta sentitzen gara”. Prentsaren bidez jakin zuten lehiaketa bertan behera gelditu zela, eta prentsaren bidez izan dute prozesuan izan ziren irregulartasunen berri. “Balorazio mahaiaren espedientea aztertzen hasi garenean ikusi dugu balorazio batzuk Eusko Jaurlaritzak egin zituela, baina, beste zati bat kanpoko enpresa bati eman ziola baloratzeko. Hori guretzat irregulartasun larria da”, azaldu zuen Ibon Altuna Euskal Irrati Zerbitzuetako administrariak. “Kanpoko enpresa horrek aurreko balorazioak moldatu ahal izan zituen haiek nahi zituzten enpresa edo irratiek lizentziak eskuratzeko”.

Euskara da kaltetua

Agus Hernanek argi dauka eskandalu guzti horren erdian, euskara irten dela galtzaile: “Hizkuntza urraketa baten aurrean gaude berriro. Gakoa da ea interes politiko batzuengatik euskara, eta informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea, urratua izango den edo ez”. Zentzu horretan, lizentzia lortu, eta ondoren galdu egin duten irratiek euskalgintzako eragileen babesa jaso dute. “Horrelako lehiaketetan askotan euskara kaltetua ateratzen da, eta hau da kasu horietako bat”, aipatu zuen atzo Alberto Barandiaran Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendariak. Jaurlaritzari eskari garbia egin dio Barandiaranek: “Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu erabakiak hartu zituen lekura itzultzeko lehiaketa. Berebiziko garrantzia du afera honi irtebide ona emateak”. Eusko Jaurlaritzak apirilaren 4ra arteko epea du helegiteari erantzuteko.

Aukera historikoa

Hogeita sei urte zeramatzan Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan irrati lizentziarik banatu gabe. Diala euskalduntzeko aukera paregabea izan zitekeen geldituta dagoen frekuentzien banaketa eta bertan behera gelditzen bada, batek daki noiz iritsiko den hurrengoa. Gaur egun, dialaren %80a espainolez emititzen duten irratiek osatzen dute. Euskaraz emititzen duten irratietatik bik baino ez dute lizentzia. Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztea dira. Zentzu horretan, prozesua amaitzearen garrantzia azpimarratu du Agus Hernanek: “Frekuentzia horiek banatzeak pluralitate handiago bat ahalbidetuko luke. Ez da ona euskarak irrati bakarra izatea, eta irrati hori publikoa izatea. Edozein demokraziaren ikuspegitik, garrantzitsua da ahalik eta komunikabide gehien egotea”. Argi dago modu alegalean emititzen duten irretiei ezinezkoa zaiela Madrildik ekoizten duten talde handiekin berdintasunean lehiatzea.