bidasoamedia bidasoamedia

Euskal Herri Elkargoaren aldeko bozka emango du Hendaiako Herriko Kontseiluak

Aktualitatea

Euskal Herri Elkargo bakarraren inguruko azken erabakiak hartzen hasiko dira Iparraldeko Herriko Etxeak. Hautetsien Kontseiluan zein Batera plataforman urtebeteko hausnarketaren ondotik, iritsi da deliberatzeko momentua. Hendaiakoa izango da lehena. Martxoaren 22an bilduko da Herriko Kontseilua, ez ohiko batzarrean. Iragarri duenaren arabera, Euskal Herri Elkargoaren aldeko bozka emateko.

Instituzio berria aitzina atera ahal izateko, Ipar Euskal Herriko herrien erdiek eman beharko diote baiezkoa proposamenari, eta biztanleriaren erdia ere ordezkatu beharko dute baiezkoek. Herrien kopuruari dagokionez, baikorrak dira baiezkoaren aldekoak. Biztanleei begira ordea, handiagoak dira zalantzak. Kontrako iritzia eman baitute Miarritzek eta Angeluk.

Elkargo bakarraren aldeko herri ekimenak

Joan den azaroaren 23an abiatuta, Batera plataformaren karabanak Ipar Euskal Herriko 158 herri zeharkatu zituen Euskal Herri Elkargo bakarraren beharraz informatzeko. “Aukera erreal bat dago lehen aldiz Iparralde mailako erakunde bat egituratzeko” , baieztatu zuen orduan Nicolas Blein Batera plataformako kideak. Iker Elizalde Hendaiako auzapezordeak aukera historikoa dela nabarmendu du, eta hautetsiez gainera, herritarrek ere parte hartu behar dutela: “Ongi da hautetsiek erabakiak hartzea, baina biziki inportantea da herritarrak ere proiektuaz jabetzea”.