bidasoamedia bidasoamedia

Euskara ikasgeletatik kalera ateratzeko ahalegina egingo du udalak

2016an egindako azken neurketen harira, ondoriozta daiteke Irungo gazteek euskara hezkuntza formalaren testuinguruan erabiltzen dutela. Ikasgelatik kanpo, aldiz, gaztelaniaz aritzea da joera nagusia. “Euskara arloan argi geneukan, zerbitzu publikoa eskaintzen dugun aldetik, egoera horren aurrean neurriak hartu behar genituela”, baieztatu dute Euskara arloko arduradunek.

2017ko aurrekontu parte hartzaileetan, hiriko kuadrillei zuzendutako programa baten proposamena aurrera atera zen. Haren haritik tiraka, Irun Kuadrillak 2.0 ekimena martxan jarri du Euskara arloak, Urtxintxa aisialdi eskolarekin elkarlanean. Gipuzkoa mailan, heziketa esparruko dinamizazioak, formazioa eta aholkularitza eskaintzen ditu Urtxintxak.

Kuadrillak 2.0 ekimenak Irungo gazteen artean hizkuntza ohitura berriak sustatzea du helburu, euskara, eremu formalarekin soilik lotutako hizkuntza izatetik, eguneroko bizitzan erabilgarri zaizkien tresnen multzoan sar dadin. “Ikerketa soziolinguistikoen arabera, orokorrean, euskarak egoera formaletan egin du gora. Aldiz, egoera informaletan, kalean, euskararen presentziak behera egin du”, nabarmendu dute Euskara arlotik.

Otsailetik aurrera, ostiralero bilduko dira Kuadrillak 2.0 ekimenean parte hartzen duten gazteak, 19:00etatik 21:00etara. Elkargune ezberdinetan bilduko dira, izen-emateen kopuruaren eta parte hartzaileen adinen arabera. Orokorrean, gonbidatutako gazteak DBHko ikasleak dira, 12 eta 16 urte bitartekoak. Zehaztutako espazioak, oraingoz, lau izan dira: hiri erdia, Behobia-Artia, Anaka eta Katea-Landetxa.

Gazteen proposamenak jasotzea espero dute

“Lehen saioetan, taldea ezagutzeko jolasak egingo ditugu”, azaldu du Zuriñe Urbieta Urtxintxa elkarteko kideak: “Asmoa da, aurrerago, haien gustukoak izan daitezkeen ekintzak antolatzea”. Horretarako, metodologia parte hartzaile baten bidez, gazteek haien iritziak, interesak eta nahiak plazara ditzaten ahaleginduko dira. “Guk ekintzak antolatuko ditugu, baina haien proposamenak ere entzun nahi genituzke”, nabarmendu du Urtxintxako Maite Sagasetak.

Ostiraletako topaketez gainera, ekintza bereziak ere egingo dituzte: egun pasak, edo asteburu guztiko irteerak, adibidez. Otsailetik aurrera, ikasturtea amaitu arte ariko dira oraingoz. Hala ere, udari begira proposamena luzatzeko aukera aztertzen ari dira jada. Oraingoz, izen-ematea zabalik dago. Ikastetxeetan egin daiteke, edo www.urtxintxa.eus web gunean, bestela. Guztiz doako ekimena da Irun Kuadrillak 2.0.