bidasoamedia bidasoamedia

Euskaraldia izango da Aitzondo elkartearen lehen erronka

euskara

Aitzondo euskara elkartea sortu dute Irunen, Irunen euskarak bizi duen egoera kaskarra irauli eta euskararen erabilerari bultzada emateko asmoz. Aitzondoko kideek nabarmendu dute eragile indartsu baten beharra antzeman dutela hirian, eta joan den azaroan taldea osatzeari ekin ziotela. Lau helburu nagusi dituzte, Irungo euskararen egoeraren gainean hausnartu eta kontzientzia zabaltzea, Irungo euskaldunak aktibatu eta ahalduntzea, euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketak salatzea, eta euskaraz bizi nahi dutenei euskaraz bizi ahal izateko aukera bermatzen dela ziurtatzea.

Herritarrak aktibatzen hasteko, hizkuntza ohiturak aldatzeko, Euskal Herri osoan jorratuko den egitasmoarekin bat egin, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte ospatuko den Euskaraldia izango dute abiapuntu. Hondarribian Blagan elkartearen bidez, eta Hendaian ere, joan den martxoan aurkeztu bezala, Irunen ere Ahobizi eta Belarriprest moduan parte hartzeko aukera emango dute. Horretarako, lanean hasi dira hainbat eragilerekin, baita Irungo Udalarekin ere. Euskaraldia prestatzeko bilera hurrengo larunbatean 12:00etan, Palmera Montero guneko bigarren aretoan izango da. Irundar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia, eta aurretik iradokizunik bidali nahi izanez gero, irungoeuskarataldea@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke.