bidasoamedia bidasoamedia

Euskaraldiarekiko “interes falta” leporatu dio oposizioak Irungo Udalari

Aurten, lehenengoz, Euskaraldia egitasmoa egingo dute Irunen, hiriko euskararen erabilerari bultzada emateko asmoz. Horretarako, hiriko zenbait gazte euskaltzalek Aitzondo Euskara Taldea osatu zuten joan den apirilean. Hala, datorren azaroaren 23tik abenduaren 2ra bitarte luzatuko dute hamaika egunez euskaraz egiteko dinamika.

“Aitzondo elkarteak, eragileak eta euskaltzaleak osatzen duten talde motorrak eta Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuaren artean lan talde dinamiko eta eraginkor bat osatzea ezinbestekoa deritzogu”, adierazi dute Ahal Dugu, EH Bildu eta EAJ talde politikoek. Horretarako, udalak Euskaraldiari 15.000 euroko partida bideratzea erabaki zuela gogoratu dute. Halere, kreditu aldaketa oraindik bideratu ez izana leporatu diote udalari oposizioko hiru talde nagusiek. Hala, 15.000 euroko kontratu txiki bat bideratzeko eskaera egin diote oposiziotik alkateari, “iniziatibaren garapen egokia bermatzeko”.

Era berean, Euskaraldiarekiko Euskara arloko ordezkariak duen “interes falta eta nagikeria” nabarmendu nahi izan dute. Joan den uztailaren 11ean eskaera erregistratu zutela gogoratu dute, baina eskaera hori baztertua izan dela salatu dute. “Azkenik, uste dugu erakunde publikoek eta beren arloek, interes publikoa duten eta bertako hiritarrentzako onuragarria izan daitekeen edozein ekimenen sustatzaile izan behar duela. Kasu honetan, euskararen, gure kulturaren nortasun bereizgarrienetakoa denaren sustatzaile izan beharko lukete”, adierazi dute hiru taldeek. Udal gobernuak duen jarrera “guztiz onartezina” dela diote, berriro ere beraien interesak herritarrenen gainetik jartzen dituztelako.

Euskaraldiaren inguruko programak “osatu eta koordinatu” batekin kontatu beharko lukeela adierazi dute. “Ez dugu uste euskarak gai politikoa izan behar duenik, eta ez zaigu iruditzen politikak horrelako gai batean buru izan behar duenik, baina Irunen bizi dugun egoera ikusita eta gobernu sozialistak gai honekiko duen pasibotasuna ikusita, irundarren onerako, bertan esku hartzeko beharra ikusi dugu”, gehitu dute oposiziotik.