bidasoamedia bidasoamedia

Euskararen hilabetea izango da martxoa Irunen

euskara

Euskararen Hilabetea ekimena aurrera eramaten du Irungo Udalak, urtero, haurren eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz. “Interesa areagotzeko eta jarrera hobetzeko martxan jarri genuen”, azaldu du Mónica Martinez Euskara arloko ordezkariak.Otsailaren 28tik martxoaren 23ra egingo dute aurten Euskararen Hilabetea.

“Euskaraldiarekin bat” leloa hautatu du udalak, azaroan Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan aurrera eramango duten ekimenari erreferentzia eginez. “Irunek ere parte hartuko du”, aurreratu du Arantza Zuletek. Lanean ari direla, eta aurrerago informazio gehiago emango dutela adierazi du Euskara arloko teknikariak.

Adin ezberdinetako haur eta gazteentzako antzerki emanaldiak antolatu ditu Irungo Udalak, alde batetik. Bestetik, DBHko azken mailetako ikasleek Mintzodromo Gaztean parte hartuko dute, martxoaren 15ean eta 16an. 260 gazte inguru bilduko dira, guztira, Mendibil Merkataritza Guneko kafetegian.

Udalarekin elkarlanean, Irunero aldizkariak bi ale berezi argitaratuko ditu, haurren eta gazteen lanekin. Batak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1.go eta 2.zikloko lanak jasoko ditu, eta besteak, berriz, Lehen Hezkuntzako 3.zikloko eta DBHko ikasleenak. Aurtengo egitarauan berritasun bat ere badago. Laburbira euskarazko film laburren zirkuituko emanaldia egongo da martxoaren 15ean 19:30etan, Amaia Kultur Zentroan. Ekintza irekia izango da, doakoa. 8 film labur proiektatuko dituzte, 77 minutuko iraupenarekin, guztira.