bidasoamedia bidasoamedia

Eztabaida piztu da Irungo Udalean, klausula sozialak direla eta

politika

Udaleko gizarte klausulen gaineko araudia osatu du udal gobernuak, eta hamabost eguneko epea eman die oposizioko taldeei berau aztertzeko. Irun Ahal Dugu eta EH Bildu talde politikoek kritika zorrotzak egin dizkiote jasotako zirriborroari.

Gaztela-Mantxako araudiaren kopia bat dela adierazi dute. Hala nola, kontratatzeko debekuak ez direla agertzen azaldu dute, ezta gizarteratze enpresen zein enplegu zentro berezien erreserben erregularizazioari aipamenik egin ere. Bi talde politikoek salatu dute udal gobernuak ez duela araudia Irungo errealitatera egokitu. Hala ere, bi taldeek ekarpenak egingo dituztela baieztatu dute.

Erantzuna jaso dute kritikek

Udal gobernuak zirriborroa defendatu du, eta gaitzetsi du oposizioak kritikak egiteko komunikabideak erabili izana. Bestalde, udal gobernuak adierazi du bozeramaileen batzordeak zirriborroa abenduaren 16an onartu zuela, eta oposizioko taldeek hilaren 25era arte euren ekarpenak egiteko aukera izan dutela. Udal gobernuak erantsi du joan den asteko bozeramaileen batzordean bi taldeetako inork ez zuela ez kritikarik egin ez dokumentua aztertzeko denbora luzapenik eskatu.

Zirriborroan Gaztela Mantxako araudia agertzen dela onartu du udal gobernuak, baina beste administrazio batzuk ere aipatu ditu: Gasteizko Udala,esate baterako. Bestalde, ELAren proposamena nahiz orain arte egindako ekarpenak kontuan hartu dituela esan du. Testua “bertako testuingurura erabat egokituta” baieztatu du udal gobernuak.