bidasoamedia bidasoamedia

FITUR azokan eta Erdi Aroko Hirien Sarearen Batzarrean egongo da Hondarribia

Turismoa

Aste honetan egiten ari dira FITUR Turismoaren Nazioarteko Azoka, Madrilen. 36.edizioa du aurten. 165 herrialdetako eta lurraldetako 9.500 enpresa joango dira, eta haien eskaintza erakustokiko 60.000 m2-ko azaleran aurkeztuko dute. Turismo azoka hok 222.551 bisitari erakarri zituen 2015ean. Horietako asko, sektoreko profesional adituak.

Hondarribiak “Creacity” proiektua aurkeztuko du, Iruñearekin eta Baionarekin batera, FITUR Turismoaren Nazioarteko Azokan. Hiru hiriek batera garatutako proiektua da, gotortutako ondarearekin lotutako kultur turismoa sustatzeko mugaz gaindiko lan ildoak ezartzeko helburua duena. POCTEFA Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetza Programan aurkeztu dute proiektua.

Hiribilduen sarearen batzarrean ere presente

“Hondarribiarentzat ezinbestekoa da turismoko azoka garrantzitsu honetan egotea. Oraingoan Baiona eta Iruñearekin batera goaz, ondo landutako proiektu bat ezagutarazteko asmotan”, argitu du Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak. Aurkezpenean parte hartu du Sagarzazuk, Joseba Asirón Iruñeko alkatearekin eta Henri Lauqué Baionako Turismo Bulegoko Presidentearekin batera.

Hondarribiko ordezkariek, bestalde, Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen sareko urteko batzarrean parte hartuko du urtarrilaren 21ean Madrilen bertan. Sarearen egungo egoera aztertuko dute batzarrean.